Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Denbora

2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ez da egia denborak bakoitza bere lekuan jartzen duela. Halaxe esan zidan behin Alaitzek, ohikoa duen goxotasunarekin, baina zorrotz. Orduan ez nion arrazoirik eman, baina orain desberdin ikusten dut guztia: denborak ez baitu iragan baino beste ezer egiten. Eta gauzak bere lekuan jartzen dituztenak pertsonak dira. Kontua da, denborak bere bidea egiteko zain, ezer egin gabe gelditzen garela. Pentsatzen dugu erlojuan ezkutatuta dagoen zerbaitek egingo duela guretzat hain injustua izandako gertaera hartarako justizia, eta, jakina, ordulariko kristaletik ez zaigu jeinurik agertzen. Mundu guztiak ez du bere neurriko zapatarik aurkitzen, eta aurkitzen dutenzenbaitek akabatu egiten dute euren neurrikoa zen oinetako hori, eta lehengo legez edo harroago jarraitzen dute. Denborak bere kabuz ez baitu ezer egiten.

Zenbat aldiz haserretu ote naizen neuretzat izan behar zuela pentsatzen nuen zerbait beste batentzat izan denean. Zenbat aldiz pentsatu dudan nik ere irribarre egin behar nuela pentsatzen nuena esan ordez. Zenbat aldiz pentsatu dudan ezarritako neurrietan sartzeak erraztuko lukeela dena. Zenbat aldiz bota ditudan malko terrenalak injustizia dibinoen kontra, eta zenbat aldiz desio izan dudan denborak merezi dudana eman diezadan. Zenbat aldiz jo dudan horma, baina ez, ez da erori: paretak hortxe jarraitzen du. Neu naiz aldatu dena: neu naiz beti putzu berean hanka sartzearekin nekatuta beste espaloira pasatzea erabaki zuena.

Denborak ez baitu pasatze hutsarekin ezer aldatzen. Gure azala zimurtuz doa, baina geuk aldatzen ez ditugun gauzak ez ditu erlojuak aldatzen. Kontua ez baita arazoei, haserreari edo pozari berari pasatzen uztea: kontua da gauzak ondo ez badaude esatea, minduta bagaude erakustea eta denborak gauzekin zer egingo duen erabaki ordez, guk geuk geure burua tokatzen zaion tokian jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.