Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Opariak

2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Gustatu egiten zait opariak egitea zein jasotzea. Plazer handia da niretzat paketeak zabaltzea. Tira hemendik zeloari, tira handik paperari eta barruan zer dagoen deskubritu. Gozatze hori behin eta berriro berregitearren, modu sinbolikoan baino ez bada ere, gauza asko hartzen ditut oparitzat. Ez dut Olentzerorik behar zelofana ikusteko. Esate baterako, oparia da niretzat goizero egunkaria euskaraz irakurri ahal izatea. Euskarazko kazetaritzaren egoera ikusita, opari ederra da guri mundua euskaraz eskaintzeko prest dagoen jende profesionala egotea.

Oparia izan zen abenduaren 17an BECen egotea ere. Ez bakarrik sarrera ordaindu beharrik izan ez nuelako: han kantuan egon zirenekin kantatzeko aukera izango dudalako baino. Ezin izan nuen, egun guztian, ideia hori burutik kendu: milaka lagunen aurrean hain handi ikusten ziren bertsolari haiek edozein herritako jaietan gurekin kantatuko dute. Hori erregalu bat da.

Eta erregalua da, munduan zer gose dagoen erreparatuta, Euskal Herrian jaio izana. Mapamundian arra bat beherago joan izan banintz, ez nintzatekeen hogeita hamazortzi urtera heldu ere egingo. Eta helduta ere, klitoririk gabe, edo zortzi umerekin, edo burkarekin bizitzera kondenatuta egongo nintzatekeen akaso. Ez gara konturatzen, baina gerra galdu zutenen bandoko familian jaiotzea ere oparia da. Garaileen bandoan jaiota, ez genukeen duintasunaz hainbeste ikasiko.

Inoiz sinistu ere egin diet maitasunean zorte txarra izan dudala esan didatenei, baina orain badakit zortea izan dudala. Zorte handia: munduan dagoen jende guztiarekin, pozik egotekoa da batek baino gehiagok nire ohea aukeratu izana. Erregalu bat izan da jaso izan dudan laztan bakoitza, bai horixe.

Borrokak borroka, bizitza bera ere opari bat da. Hilda egoteko denbora asko izango dugu gero ere; beraz, heldu bizitzari, tira zeloari eta paperari, eta deskubritu barruan dagoen hori guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.