LARREPETIT

'Harroxa'

maddi ane txoperena iribarren
2017ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Garai batean ez omen zuen herri bakoitzak bere kolorea estropadetan. Aldatzenibiltzen omen ziren, harik eta behin betirako finkatu behar zutela erabaki eta bilkura bat egin zuten arte, koloreak elkarrenartean banatzeko. Bilera horretara berandu iritsi ei zen Pasai Donibane, eta ordurako beste herriek aukeratua zuten eurena. Azkena gelditu zitzaien donibanetarrei; inork nahi ez zuena: arrosa.

Ez dakit egia den, baina istorioa halaxe kontatu zigun han bizi den lagun batek. Eta, dirudienez, azkenak iritsi izanaren lotsarik ez daukate ez arraunlariek ez eta herritarrek ere.

Berezia da fenomenoa: euren identitatearen muinean egonen balitz bezala (eta baldintza agian sobera dago), bihotzean daramate arrauna eta euren taldearen aldeko atxikimendua. Berdin du gizon, emakume, haur, zahar ala gazte, arrosa koloreko kamisetak, banderak, pankartak, zapiak... nonahi ikus daitezke urte osoan, baita elizako santuaren lepo inguruan ere. Azken asteotan are gehiago zabaldu da arrosa koloreko marea: banderatxoak ere jarri dituzte balkoi batetik bestera zintzilik. Eta zer esanik ez igandean, emakumeek lehen postua irabazita eta gizonek ere estropada ederra eginda itsaso zakarra izanagatik.

Kanpotik datorren norbaitentzat deigarria gerta daiteke herriaren dekorazioa. Arrosa ez baita berez oso maitatua den kolorea, eta gutxiago gizonen artean. Are, estigmatizatua dagoela ere erranen nuke. Txikitako bereizketa hori: neska eta mutila, urdina eta arrosa...

Donibanen argia da nondik datorren kolorearekiko atxikimendua: taldearekiko zaletasunetik eta harrotasunetik. Lelo bat ere erabili ohi dute hitzekin jokoa eginez: «Harroxa». Ez naiz bereziki arraunzalea ni, baina gustatzen zait, oro har arrosak duen esanahia aldatzen duelako. Eta erakusten duelako, beste modu batera, arrosa ez dela emakumeona. Koloreak ere, finean, kulturalak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.