Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Transmisioa

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Hitzak munduarenak dira, baina mundu bakoitzak ditu bere hitzak.

Hala jakin liteke, zehaztasun intuitibo ikaragarriz, zein hizkerari dagokion entzun berri duguna. Aproba egitea da. Esan errespetu instituzionala, garapen integrala, ordenamendu juridikoa. Orain esan pribilegioa, mansplaininga, ahalduntzea. Hitzak guztionak dira, baina erabilerak definitzen gaitu. Hitzez zedarritzen dugu geure mundua; hitzez eraikitzen ditugu geure asmo, beldur eta filiak.

Halako zerbait gertatzen zaigula, uste dut, transmisio hitzarekin. Transmisioa entzuten badut, noiz eta ez garen teknika hutsez ari, badakit kezkarekin lotu beharrekoa dudala. Eta hala esango zaigu zer garrantzi duten gaur egun balioen transmisioan familiak, hezkuntzak edota hedabideek. Kezkatuta gaude, ez dugu daukaguna galtzerik nahi.

Pixka bat gehiago estutzean datoz kontuak, ezen auzo-herrietan, balioen transmisioa sarri antzean entzunagatik, ez da gauza bera gertatzen hizkuntza edo kultura transmisioarekin. Logikoa, nola erabili norberaren mundua islatzeko balio ez duten hitzak. Eta zertarako, egituren bidez badaude bermatuak.

Gurean, aldiz, ez dakit besterik darabilgun azkenaldian. Indartsuago izaten hasi ginen garaitik zetorren gurpila moteltzen sentitzen dugun honetan, ezin geureago bihurtu dugu kezka. Mundua zabalagoa egin denetik, beldur gara: nola arraio transmititu behar diegu ondorengoei guganaino heldu dena, geuk sortu duguna, betirako gal ez dadin.

Eta hala nahasten zaizkigu solasaldietan Durango eta reggaetoia, Go!azen eta Bermeoko kale erabilera, irakurleen adina eta euskararen kalitatea. Hondamendia hemen bada, has gaitezen geure hitzen bila, baina uste dut transmisioa ondare-pasatze huts gisa ulertzen badugu, pentsatu aldean bertan dugula Armageddona.

Aparrik gabe, baina ez gaitezen engaina: geuk ere ez ditugu notarioak maite izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.