LARREPETIT

Hunkidurak

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2017ko abenduak 20
Frantsesez se sentir concerné(e) esaten zaio norbaiti edo zerbaiti buruz hitz egiten ari direla zu hitz horietan identifikatuta sentitzeari. Itzulpenaren bila jo dut nolaerran.org webgune erabilgarrira, baina ezin atzeman euskarazko baliokide konbentzigarririk. Edo ez zait bat bera ere zehatza iruditu, behintzat.

Hiztegiko kontuak aparte, igandekoaren ajez neure buruari galdetzen niona zen BECeko bertso bestan jendea sentitu ote zen «concerné» hainbeste bertsoren mezu indartsuarekin. Gure atzean eserita zeudenak, behintzat, oso identifikatuak ez ziren sentitu Saroi Jauregik arrazoiz behin eta berriro egindako isiltasun eskariekin. Ez dakit ikastoletan erdaraz hitz egiten duten irakasleei iritsiko ote zitzaien Aitor Sarriegiren bakarkako lan ederra. Edota Iñigo Urkullu lehendakari jaunak ulertuko ote zuen Sustrai Colinaren umore garratz bezain zorrotza. Erreferentziak ulergarriak ziren behintzat: «Nahiz ta oraindik mintzatzen naizen makinen gisara, klaseko tontoa zena orain lehendakaria da».

Ziurra dena da periferiak eta ertzak oso islatuta sentituko zirela Maialen Lujanbio txapeldun handiaren bakarkakoetan. Jada makina batek nabarmenduko zuenez, ederki aritu baitzen berdin drogazalearen, ama bakarraren zein prostitutaren azalean, eta ongi merezita irabazi txapela, bide batez.

Amets Arzallusek, Aitor Mendiluzek eta Beñat Gaztelumendik ere bota zituzten BECeko 15.000 lagunongana iritsi beharreko mezuak, herrigintzan aritzeko premiaz. Eta batzuek haientzako hartuko zuten, halaber, Sarriegik eta Igor Elortzak eta txapeldunak berak bere modura azken agurrean botatako errelebo mezua.

Berriro jo dut hiztegira, eta concerner-en itzulpen posibleetako baten artean hunkitu topatu dut idatzita. Hunkitu ziur egin gintuela igandeko saioak. Agian denok, modu batera edo bertzera, bertsolarien hitzek hunkituak sentitu ginelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna