Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Xenofeminismoa

2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Mediazio teknologikoetan irakiten duen mundu batean bizi gara: «abstrakzioa, birtualtasuna eta konplexutasuna» dira gure bizitzetako ardatzak. Hala biltzen du Laboria Cuboniks-en manifestuaren ZERO puntuak. Xenofeminismoak «errealitate horren gainean eraiki nahi du feminismoa: (...) etorkizunean genero justizia ezar dadin eta askapen feministak gizaki bakoitzaren beharretarako politika unibertsalista bat mihiztatu dezan: arrazak, gaitasuna, egoera ekonomikoa eta geografikoa gaindituz».

«Irudimena, trebetasuna eta iraunkortasuna» da apustu iraultzaile hau. «Guztiok gaude alienatuta bestela izan al da noizbait?» erabil dezagun, beraz, alienazioa eraldaketaren alde. Hori delako xenofeminismoaren proposamenetako bat: eraldaketa politiko askatzaileak sustatzea teknologia erabiliz. Estrategia teknologikoen bidez mundua berriz diseinatzea. Orain arte tresna hauek desoreka sustatu dute, abusua, ahulen esplotazioa, «teknologia ez delako berez aurrerakoia». Baina askapenaren norabidean ez jartzeak teknologiaren garapenaren atal oso bat landu gabe uzten du. Teknologiaren zeregina desberdintasunen kontra borrokatzea izan beharko litzateke, ingurumenaren suntsitzeari aurrea hartzea, aberastasunen banaketa.

Xenofeminismoak bere burua arrazionaltzat dauka, egun indarrean dauden korronte askoren kontra. Arrazionalismoa «naturatik» patriarkatuaren eremu bat dela pentsatzea «porrot bat» delako. Onartzen du pentsamenduaren historian gizonek agindu dutela. Baina «horregatik preseski nabarmentzen du feminismoa arrazionalismo bat izan behar dela». Ez dagoelako arrazionaltasun «femeninorik, ezta maskulinorik ere». Alegia: «Zientzia ez delako adierazpide bat, baizik eta generoaren suspentsioa». Eta bere joko zelaia mundua da gaur egun dezelerazioaren alde egitea «gutxi batzuen eskura dagoelako (...) eta, azken batean, gehiengoarentzako katastrofe bat delako». Bilatu eta irakurri manifestua: «Natura injustua bada, natura aldatzea» delako gure egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.