Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Nor da?

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Norbere bizitza gizon-emakumez beterik dago. Zenbat pertsona ezagutu ditzakegu bizitza batean? Behin zenbatzen saiatu nintzen. Ezin, baina. Ahaztu egin ditut gehiegi. Wislawa Szymborskak esaten zuen: aukeratzerakoan baztertzen dut; ez dago beste metodorik. Lehengo egunean lagun batzuekin bazkaltzen ari nintzela mutil bat hurbildu zitzaidan. «Kaixo, aspaldiko, zer moduz zaude?», esan zidan. Ni, zur eta lur; ez nuen gogoratzen nor zen. Solas laburrak iraun bitartean garunaren fitxategia arakatzen aritu nintzen. Emaitzarik ez. Memoria traidore handia da, nork zioen hori? Kontuak kontu, hipertimesiara heldu naiz. Zure bizitzaren xehetasun oro ezagutzeko gaitasuna ei da. Neurozientifikoek 2.000.urtetik hona aztertzen dute Jill Price izeneko emakume bati esker. Memoria aztertzen duen Jim McGaugh zientzialariari emaila bidali zion emakumeak. 12 urte zituenetik bere bizitzan jazotako den-dena gogoratzen zuen, xehetasun txikiena ere bai. Egin dituzten ikerketen arabera beste zerebroekiko alderaketa anatomikorik ez dago gaitasun hori duten pertsonengan. Uste dute gakoa imajinatzeko eta itzarturik daudenean amets egiteko duten ahaltasunarekin lotuta egon litekeela ahalmen hori. Oroimen oro dutenek gomutak behin eta berriro bizitzeko joera bide dute. Artikulu zientifikoa irakurrita jakin dut nik ez dudala gaitasun hori. Eta ahalegindu naiz hemendik eta handik asmatzen nor ote zen joan den eguneko mutila. Nor da gogoan iltzatuta geratu zaidana. Tamalez, ez daukat modurik mutilari galdetzeko nondik ezagutzen dugun elkar.

Irakurri dut zerbait jazo eta ondorengo uneetan buruan behin eta berriro iltzeztatzen baduzu, alegia, errepika antzeko bat sortzen baduzu, garunaren lekuren batean itsatsita geratzen zaizula. Betiko, nonbait. Berandu datorkit informazio hau dena. Berandu bizitzan zehar ahaztu ditudanentzat, berandu, joan den eguneko mutilarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.