Mikele Landa.
LARREPETIT

Aztarnak irakurgai

2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bizitzan behin gutxienez irakurri beharreko liburu horietako bat bueltatu berri dut baldan zegokion lekura. Hutsuneari hautsa hartzeko beste denbora utzi ez diodan arren, nahikoa izan dut orri tarteak eta barrenak xurgatzeko, nire aurretik guraso biek egin bezala. Liburu berbera irakurri dugu hirurok, eta, konturatu naiz, berba eta esaldi berberak izanda ere publikazio berdineko beste ale bat irakurri izan banu, nire esperientzia ez litzatekeela berdina izango; finean, beste liburu bat irakurtzen amaituko nukeela. Esku artean izan dudana aztarnaz josita baitzegoen, eta ezinbestean horiek ere irakurri ditudalako.

Igarritako lehen aztarnek, berben azpiko arkatz-lerro zuzenek, orri osoen ulermenari eragin diete. Azpimarratutako esaldiaren aurreko guztiak etortzeke zenaren zain irakurri baitut, eta osteko esaldiak leitu bitartean, berriz, azpimarratzeko erabakiaren zergatiaren bila aritu bainaiz. Antzerako oihartzuna utzi dute tolestuta mantendu diren izkinek, eta zuzen topatu ditudan arren, beti horrela egon ez diren seinale, markak dituzten orriek ere zer pentsatua eman didate. Zenbait aztarnari izaera darie. Aitak, liburua zehatz-mehatz utzitako esaldian berrartu ahal izateko, azazkalarekin indar egin eta markatxoa uzten du irakurritako azken hitzaren alboan. Amak behin baino gehiagotan irakurri du liburu berbera, eta tapa bigunaren ximur zein abailduretan nabari daiteke hori.

Apalategiari hutsune berria sortu diot gaur, eta Paul Austerren Ilargiko Jauregia-ri irakurleen kateak duen baliorik magikoena aurkitu diot, esaldi batean bilduta: «Nire osabaren segmentu berri batean barneratzen nenbilen, hilabete, aste edo egun tarte berri batean, eta lasaitzen ninduen pentsatzeak nire osabak arestian okupaturiko espazio mental berbera okupatzen nenbilela ni, hitz berberak irakurtzen, istorio berberak bizitzen, agian gogoeta berberetara iristen». Azpimarratuta utzi dut hurrengo irakurleak ni ere aurki nazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.