maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Lehentasunak

2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Ez dakit egokitu zaizuen inoiz aldi berean garrantzitsutzat jotzen dituzuen bi gauza egin nahi eta behar izatea. Adibidez, lana eta ikasketak: klasera joan (edo ez), presaka bazkaldu, lanetik atera, apunteak ordu txikitan irakurri... Edota, esaterako, kirola edo beste afizio bat eta militantzia: ezin bileretako egun eta ordutegirik jarri, edo entrenamenduei piper egin... Are, bi gauzarekin nahikoa ez, eta aipaturiko guztien mix bat ere egin daiteke, zergatik ez.

Ez dakit zuek nola moldatzen zareten, baina niri halakoetan iruditzen zait beti korrika nabilela, ezin garaiz iritsi leku guztietara, edo ez nahi bezain ongi. Hori izaten baita kontua ere: dena perfektu egin nahia, baina dena erdizka egitearen sentipena edukitzea. Modu batera edo bestera izan, antolaketa handia eskatzen du eromen horrek, eta gogoa; eta inguruan asko maite zaituen jendea ere bai, nekeak, negarrak edota haserreak jasateko prest. Bestela, lehentasunak markatzen jakin behar: zeri emango diogun zinezko garrantzia, eta zer egingo dugun ongi xamar, beste kontuak erdipurdi egiten ditugun bitartean.

Pertsonaletik kolektibora pasatuta, antzekoa gertatu ohi da ekuazioa. Elkarte edo dena delako talde batek milaka borroka edo lan eraman nahi baditu aurrera, ezin guztietan aurrera fundamentuz egin, edo ez nahi bezala, behintzat. Edo bestela, lehentasunak markatu behar. Euskal Herrian lehentasunak zertan diren eta zertan ez ikusteko grafiko xamarra iruditu zitzaidan kazeta honetako zuzendariak igandero idatzi ohi duen Enbaxada Bila-ko azkenekoa. Honela zioen Kataluniako eta Euskal Herriko gizarteak asteon nazioartean egindako manifestazioei buruz: «Bi ekinaldiak denboran bat etortzeak lagundu egiten digu nazio bakoitza zertan ari denulertzeko orduan: katalanak estatu propio bat sortzeko ahaleginean; euskaldunak gatazkaren ondorioen irtenbidea lantzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.