Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Ura

2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Urak gora etorri dira. Urte asko da gure herria ez genuela joan den asteko moduan ikusten. Parean harrapatu duen guztia txikitu du. Trenbideko harriak hartu, eta etxe atariak astindu ditu. Ez da broma ekarri duen indarra. Dirutan kalkulatu dituzte kalteak ohiko legez; hortik gorakoak bakoitzak kudeatuko ditu bere erara. Beldurra, ikara, bolada luze batez berriro gerta daitekeela pentsatuz oheratzea, inpotentzia... Horiek ez dira aseguru etxeen polizetan kabitzen. Ezta uraren bidea aldatzeko egindako lanak ere. Egia esan, ez da Muxikako uholdeen arrazoi printzipala izan, baina asteon horretaz jardun dugu. Oka ibaiaren ibilgua aldatuta dago. Gure gurasoek umetan ezagutu zuten erreka eta orain dagoena ez dira berdinak. Baina ura beti bueltatzen omen da bere bidera, eta ostegunean, inguru batzuetan, antz hori hartu zioten herritarrek errekari. Kenduko diogu lurra hemen, ipiniko dizkiogu harriak han, egingo diogu errepidea gainean... eta pentsatuko dugu lasai dagoela, baina halako batean, asaldatu eta hasierako bidera bueltatuko da. Horixe egin du urak orain eta beti, hemen eta munduko beste leku guztietan.

Horrelakoak izan behar genuke gizakiok ere, baina ez dugu urak adina pazientzia eta indar. Ezkontzeko esaten digute hemen, lanpostu finko baten abantailez konbentzitzen gaituzte han, hipotekak prestatzen dizkigute guk sinatu baino egin ez ditzagun eta geuk nahi duguna benetan zer den pentsatu beharrean, seinalatutako ibilbidea egiten galtzen ditugu denbora eta energia. Eta, halako batean, uholdeen moduan lehertzen gara: lana utzi, lehen erositakoa saldu, ezkontza akta apurtu eta geure buruaren bila hasten gara. Berriro ere hasierako puntura joan, eta beti egin behar genuen bideari ekiten saiatzen gara, eta bigarren saiakera horretan ere ez dugu beti lortzen. Baina beti dago geu izaten eta iritsi nahi dugun lekura iristen laguntzen digun bide bat: hori da gure bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.