maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Dirua eta denbora

2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Berriro ere Andaluzian izan gara asteburuan. Ez oporretan, nahiz eta oraingoan turismo pixka bat egiteko ere aprobetxatu dugun larunbat iluntzea: Granadako Albaicin, poteoa eta tapak, eta kaleko musika, ederra. Baina askorako ere ez du ematen espetxerako bisitak erditik mozten dizunean asteburua. Gure kasuan, larunbatean 16:30erako puntuan egon behar izaten dugulako atarian, eta 18:00ak pasatu arte ez garelako ateratzen berriro kanpora. Pasatu behar dituzulako liburu eta arropaz bete paketea entregatzeko hogei minutuko itxaronaldia, izena esan eta hatz marka hartzen dizutenekoa... Eta beti arazoren bat dagoenez, pazientzia handiz edota ostia txarrean abiatzen duzu protokoloa. Jakin gabe oso ongi nahita ari diren edota benetan diren txarrak eta motelak euren lanean. Bi ordu inguru kartzela inguruan, kristal batek eta telefono erdi-hautsi batek mozturiko «komunikazioa» 40 minutukoa den arren. Eta haraino iritsi ahal izateko bidaia, zortzi ordu eta erdikoa. 818 kilometro.

Gehitu horri bidaiako gastuak: ia 200 euro gasolinatan, eta lotarako lekuan, eta bidetik hartzen dituzun kafe, pintxo edo bestelakoetan. Baldin eta denbora ematen ez badizu etxean aurrez tortilla eta xolomoa prestatzeko.

Laguna ikusi nahi dugunez, gustura egiten dugu hori guztia. Konpentsatu egiten digu bere irribarrea ikusteak, 40 minutuen presiopean solas batzuk egiteak, eta bueltatzeak pentsatuta agian arindu diogula zertxobait espetxealdia, edota ilusioa egin diola berari ere gu ikusteak. Baina zer pentsatua ematen du horretan inbertitu behar izateak gure dirua eta denbora. Bisitako asteburuan ezin izan baitugu joan ostiraleko bilerara, ezta larunbat goizeko auzolanera; ez dugu ikasteko edo atsedenerako tarterik hartu, eta sos mordoxka bat errepidean bota dugu. Beste zer edo zertan inberti genezakeen dirua eta denbora, sakabanaketarik ez balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.