Mikele Landa.
LARREPETIT

Ogia besapean

2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bereziki udaberri garaian gertatzen zait. Babes gutxiago behar izaten dudanetan etxetik irteteko. Nire bizitzaren zati batean debekatuta neukana errutina bilakatu zaidala konturatu, eta zirrikituetan zirrararen xerka hasten naiz. Baina, oroitzapenetan ere,gero eta difuminatuago topatzen dut.

Kaleaz ari naiz. Kalean ibiltzeaz goizetan. Ikastola garaian esperientzia ezezaguna zitzaigun eta niretzat behintzat ia mistikoa bilakatu zen. Ikastetxeko horma eta patioko hesiek banatzen gintuzten mundu horretatik. Urtean pare bat alditan soilik zeharka genitzakeenak, salbuespenak ziren medikuarenera bisita eta txango edo irteerei esker. Begiak zabal-zabal barneratzen ginen karriketan eta ikusten genituen helduak alde batetik bestera, erosketak egiten, kafea edaten, footing-ean eta ogiarekin besapean. Baina beti guraso edo irakasleen gidaritza eta zaintzapean soilik atera gintezkeen. Guri ez zegokigun leku batean egotearen sentipenak hartuta begirale huts ginen. Nagusien mundua ziren kaleak goizetan eta ogi usaina zerion unibertso horren parte izatea genuen amets guk. Boligrafoak erabiltzeko genuen irrikarekin aldera daiteke hein batean; urdin aspergarriz marrazten zuten gailuok, baina helduen kontuak ziren eta guk denak deskubritu nahi genituen.

Bat-batean, etxea boligrafoz josi dugu, ogia besapean ibiltzen gara, eta gaur bezalako egunetan konturatzen gara ahaztu egin zaigula kaleak goizetan berezi egiten zituen hori zer den. Gurasoen besoa tenkatuta gora begira doan haurrari irribarre egiten diogu, eta haren zirrara ulertu gabe egiten dugu aurrera. Larkin Poe taldearen abesti batek dioen bezala, «Nik badakit zer den denbora, denbora lapur bat da» eta errutina lagun duela oroitzapenak osten dizkigu apurka-apurka.

Orainaldiko gure egunerokotasuna betikotzen du denborak, gauzak beti horrela izan direla sinestera garaman arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.