Mikele Landa.
LARREPETIT

Urtebetetze ohiturak

2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Jaiotzen garenetik urtero egiten dugun ospakizun horrek aspaldian ditu sustraiak. Ohitura paganoa omen, magia eta suaren garaikoa. Zorion berbek, opariek eta bereziki kandelek funtzio zehatza zuten: deabruak eta mamu gaiztoak uxatzea etortzeke zegoen urteari aurre egin ahal izateko. Harrigarria izan daitekeen arren, egun ia egutegi orotan kristoren jaioteguna ospatzeko oroigarria aurki dezakegulako; laugarren mendera arte erlijio kristauak urtebetetze festak ukatzen zituen jatorri paganoa izanagatik. Jehovaren lekukoen etxeetan oraindik ez zaie kandelei putzik egiten.

Ohiturak ohitura, lurralde batetik bestera askotarikoak dira urteak ospatzeko moduak. Txinan fideo luzeak, ahalik eta denbora laburrenean, kosk egin gabe xurrupatu behar ditu urtebetetzaileak. Mexikon, berton ere egiten hasi garen piƱaten jokoa dute tradizio, jada hiru mende luzez dirauena. Jamaikan irinez zuritu ohi dute eguneko protagonista. Txilen hanka eta besoetatik oratu eta urteak beste altxaldi jasan behar ditu gizagaixoak. Paraguain jaira gonbidatutako guztiek zapladaz berotzen diote bizkarraldea. Guk belarriekin egin ohi dugun antzera.

Garai eta belaunaldi berriekin batera ospakizunon dinamikak eraldatzen ari dira. Milenial eta Z generazioen eskutik hedatu da jendartean probak burutzearena, telebista programa batean bageunde legez, aurkezleen txarteltxo eta guzti, kaltegabeko umiliazio helburu. Eta zoriontzeko bideak zer esanik ez, Facebook txibatoaren ondorioz urterik urte ugaldu baino ez dira egiten mezuak. Kantitatea inpertsonaltasunarekin batera esponentzialki hasiz. Baina, whatsapp-a sutan jartzeaz eta ohiturak konplitzeaz gain, egun hau berezi zerk egiten duen pentsatzen jarrita: zer da urtebetetze bat norbere buruarengan gehiago pentsatu ahal izateko (eta egitean txarto ez sentitzeko) aitzakia edo baimena ez bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.