maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Nekea

2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez dakit eguraldia den, azterketa garaia, lan prekarioak, edo Altsasukoen egoera, baina azkenaldian nabari dut halako neke bat ingurukoen artean. Goizean iratzargailuak jo, eta inoiz baino gehiago madarikatzeko eta buelta erdia emateko gogoa, baina ezina. Eta aurpegi lainoak gurutzatzea korridoreetan, elkarri irribarre behartuz «zer moduz?» eta «bueno» esanka, hain ongi ez gaudela esatea erdi debekatzen diogunez geure buruari.

Kontua da ez ote ditugun agendak beteegi. Batzuek bileraz, besteek lanez, eta mugitu ohi garenok edo mugimenduen atzetik kamera eskuan goazenok mobilizazioz. Ez denean Gure Esku Dago Altsasukoak direlako, edo herriko presoak, edo jaien antolaketa edo eraso matxisten aurkakoa... Udaberriko loraldiaren erdian gaudela dirudi, baina, bitartean, zeruan, negua. Eta dena aldatu nahi dugu, eta dena aldi berean. Baina egunak 24 ordu ditu.

Azken urteotan, Yayo Herrero antropologo ekologista eta feministak mahai gainean jarri du naturaren eta gizakion arteko dependentziaren ideia. Alegia, ingurunearekiko ekodependentzian eta elkarren arteko interdependentzian bizi garela gizakiok, ezin garela erabat autonomoak izan berez, eta onartu egin behar dugula. Bestela, geure buruei gezurretan ari gara. Teoriaz aspaldi gaude blaituta gu ere, baina kontua da noiz hasiko garen praktika teoriaz janzten, betiere beste muturrera joan gabe. Azkenaldian teorion aitzakian asko ikusten ari baikara, era berean, konpromisoen halako likidotasun bat: azken momentuan bertan behera uztea hitzorduak, edota eginbeharrak ahaztea. Eta horrek zerikusirik ez du interdependentziarekin, are gehiago nekarazten baitu bertzearen kaltetan zama guztiarekin geldituko den pertsona. Ez da erraza auzia, baina bai serioski kontuan hartu beharrekoa, mugimendu eta proiektu indartsuak eraiki nahi baditugu. Nekatuta ibiltzea ez baita ona inorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.