Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Parranda

2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Itsasoz, lurrez eta airez iritsi da polizia Kataluniara. Beirut txikitzeko adina indar eta arma ba omen dituzte. Erreferenduma antolatzea egotzita, hamalau lagun atxilotu dituzte. Batzuk libre gelditu dira ordu batzuetara, baina atxilotu, hamalau egin dituzte. Normala dela diote komunikabideek: antolatu nahi duten erreferenduma ez da legezkoa. Gernikako Estatutua ere lege organikoa da, baina haren arabera dagozkigun eskumenak miserableki negoziatzeak ez du kazetaririk larritzen. Hemen Espainiako Gobernuak esaten du zein den bete beharreko legea eta zein den beraiek nahi dutenean apurtuko duten paktu merkea. Eta hala ere, bada gehiago kezkatzen nauen zerbait: legeari buruz ari direnean, aldatu, moldatu eta mugitu ezin den zerbaiti buruz hitz egiten dutela dirudi. Eta diot nik legeak direla demokraziaren menpean egon behar dutenak eta ez alderantziz. Eskubide demokratikoek ezin dute legearen arabera aldatu. Haiei bost: telebistako programa batean Ipar Koreari eskatu diote Bartzelonan egin ditzala proba nuklearrak, horrela «denok irabaziko dugulako». Fiskaltzak ez dauka hor egon daitezkeen delituak ikertzeko batere gogorik. Konstituzio Auzitegia ere estu dabil: erreferendumak konstituzio sakratua non apurtzen duen aztertu behar du, baina aspaldion ez dituzte etxebizitzari, lanari edo intimitateari lotutako artikuluak irakurri.

Bat batean lau neska ikusi ditut dantzan guardia zibila euren egoitzara sartu nahian ibili denean. Akabo, pentsatu dut: «orain bai, jai daukazue». Kaos honen guztiaren erdian, dantzan egiteko indarra daukan herriari, ez diozue irabaziko. Erregimen frankista ez zegoen hilda, parrandan zegoen egunotan ikusi dugunez. Baina erregimena parrandan ibili den bitartean, bere burua antolatu duen herriak orain lasai egingo du parranda eta dantza. Eta parranda azken egiten duenak, askoz ere beranduagora arte egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.