maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

(Zah)arzalpena

2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Bada pertsona klase bat, parrandan zaudela hurbiltzen zaizuna, zuk aitzinetik deus galdegin gabe, garagardo edo kubata bat eskutan, erdi mozkorra, auskalo zeri buruzko azalpenak ematera. Une labur batean bere jakinduria guzia ahotik atera nahi balu bezala, eta zu haren parean txiki utzi, hasten zaizu erantzuten zuk egin gabeko galderei «hau eta bertzea horrela da» edota «hau hobeki horrela» bezalako esaldi kategorikoekin. Kasualitatez, maiz eta gehiegitan gizonezkoa izan ohi da pertsona klase hori: arra.

Lagun batekin maiz gertatzen zaigun egoera gogaikarri horri buruz solasean ari nintzela, gertaerak hitza bazuela azaldu zidan: mansplaining, ingelesez, edota Estitxu Garai Artetxek euskarara itzuli duen gisan, arzalpena. Ederra iruditu zitzaidan neologismoa: deskribatzen ari ginen egoerarekiko fidela erabat. Honela definitzen du Garai Artetxek Twitterren zer den arzalpena: «Gizonak emakumeari emandako azalpen hantuste eta paternalista; mansplaining-en euskarazko ordaina».

Jarraitu genuen hizketan, ordea, tamalez eta desgraziaz badirela genero horretako emakumeak ere, kasu guzietan, ar edo eme, zu baino zaharragoak izaten direnak normalean. Hasi izan zaizkit ni baino bost, hamar edo hogei urte zaharragoak (berriro ere, parrandan) «haien garaiko» musikaz hizketan, Itoitz, Dut eta Hertzainak ezagutuko ez banitu bezala. Baita nire erabakiak epaitzen ere, lasaitasun handiz: «Zergatik utzi zenuen lana?», «Ez al zenuke hobe hau edo bertzea ikastea?», «Ikusiko duzu zaharragoa zarenean nola dena hobeki ikusten duzun»... Zer eta parrandan norbaiten moralkeriak aditzea bertze deus hoberik izanen ez bagenu bezala. Lagunak eta biok tuneatu egin genuen, beraz, kontzeptua, paternalismo gehiago gehituaz, zahar eta ar elkartuta: zaharzalpena.

Zahartzen ari gara pixkanaka gu ere, baina espero dut horrelakorik sekula ez egitea gazteagoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.