Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Konpromisoa

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Dena doa ustelbidean memoriak gorde ezean. Horrexegatik, hau itzartzen delarik, beste neurri bat du guztiak, bizitakoa ez da hemerotekara kondenatzen, hitzak ez ditu haizeak eraman. Biharko egunak dakarkiguna atzoko izpiz dator.

Hamabost urte Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria zarratzea erabaki zuenetik. Iragana da, baina geurekin bizi da: atxiloketak, torturak, erredakzio giltzatuak, jendearen galda kalean eta politikarien adierazpenak. Gezurra zirudiena, errealitatean instalatua; eta bat-batean dena oso primitibo bilakatu zitzaigun: emozioen erasana eta geure hizkuntzan genuen egunkari bakar hori gabe geratzea. Politikan, zatiketa. Erokeriaren logikan sartu ez zirenek zin egin zuten jota zegoen komunitatearen aurrean: «konpromisoa hartzen dugu halakorik gerta ez dadin berriro».

Eta efemeridearen lurrunetan, orduko galderak lotu nau. Eta hori, nola egiten da? Zer baliabide dituzte borondate hutseko politikariek gorilaren atzaparkadei aurre egiteko? Eskertuko nuke norbaitek azalduko balit, zeren inpresioa baitut zorte kontua besterik ez dela, haize ufaden kapritxoen esku utzia dugula etorkizuna.

Egun bakar batean, eta orduko alderdi bera dagoela gobernuan, obra bat erretirarazi da arte erakusketa batetik eta liburu baten salmenta debekatu. Aste berean, hiru urteko kondena ezarri zaio kantari bati, kantatzeagatik; Amnesty Internationalek Espainia salatu du giza eskubideak urratu dituelakoan Katalunian; politikari batek Suitzan topatu behar izan du abaroa, eta ez diru publikorik ebatsi duelako...

Eta nik jakin nahi dut nola egiten den, nola babestu behar gaituzten hitz eman zuten haiek han beharrean hemen jotzen badu berriz, nork defendituko gaituen, eta nola, dagoeneko kontrol modu guztietarik jarei dabilen gorilarengandik, konpromisoa ere hitz ustel horietarik izan ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.