Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Interpretazioaren arriskuak

2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Robert Engelsen irudi eder bat azalean argitaratu du Acantilado argitaletxeak Dialoghi su musica e teatro: Tristano e Isotta italieratik gaztelaniara itzulita. Sobietar iraultzaren 90. urteurrena zen 2007a, eta Daniel Barenboim eta Patrice Chéreau Wagnerren eta munduko musikaren lan behinenetako bat ekoizten ari ziren, eta orduko solasaldiak batu zituen Gastón Fournier-Faciok. Hitz egiten zuten musikaz, drama musikalean jorratutako gaiez —gaua, eguna, maitasuna, begirada, bestea, heriotza, suizidioa, elkarrekin hiltzea—, dramaturgiaz, eszenaratzeaz.

Halere, liburuak badu pasarte nabarmen bat, musikaren edota antzerkiaren ekoizpenean aritzen direnentzat. Bertan, Barenboim zuzendariak irmo adierazten du norberak Tristan eta Isolda-ri buruz dituen gogoetak, asoziazioak eta fantasiak albo batera utzi behar dituela opera jotzean. Erabaki guztiak testutik eratorri behar direla. Antzezlan bat ala musika pieza bat muntatzeko testua dela jatorri bakarra. Ezin dela testuetatik eratorritakoa izan exekuzio musikalaren edota eszenaratzearen jatorria.

Baremboinek salatzen du Alemaniako antzokietan kontzeptuarekiko obsesio bat dagoela. Obraren exekuzioa obraren testuan oinarritu beharrean bestelako kontzeptu bat erabiltzen dela, sarritan, obra garatzeko. Kontzeptua libretoan eta partituran oinarritu beharrean, beste toki bat hartzen duela oinarri. Baremboinek zuzenean esaten du ez zaiola, musikaz ari garenean, interpretazio hitza bera ere gustatzen. Musikan ez dagoela interpretaziorako tokirik —filosofiaz eztabaidan ari garenean ez bezala, adibidez—. Ukatzen du berak Tristan interpretatzen duenik opera landu eta orkestra zuzentzen duen bitartean. Egin dezakeena, asko jota, obrari buruz ahalik eta jakintza gehien jaso eta, informazio edo esperientzia enpirikoaren gainetik, ahalik eta kalitate handieneko exekuzioa ematea dela. Baina hori egitea ez dela, inola ere, interpretatzea. Hori pieza jotzea dela. Eta gogoetak badu pertinentzia azkenaldian, askatasunaren izenean, ohitzen hasi garen eszenaratze ustez ausart baina tokiz kanpokoak ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.