Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Eraso eta barre

2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aurpegi polita daukala. Horixe da nazioarteko komunikabideek Pedro Sanchezi buruz gehien azpimarratu dutena. Bertorago ere, askok erabiltzen dute haren edertasuna hari barre egiteko. Eta jende asko konturatu da ez dela gauza erosoa. Izan ere, oso desatsegina da, norberak lan politikoa egin nahi duenean, beste guztiek lan horregatik ez beste edozergatik epai dezaten norbera. Oso ondo ulertzen dudan sentsazioa da, eta ez naiz bere gorputza eztabaida politikoaren erdian sentitu duen pertsona bakarra. Sanchezena, gutxienez, gorputz edertzat erakusten digute. Nik ez dut zorte hori izan; eta beste askok ere ez. Jakina, bururatzen zaizkidan gehienak emakumeak gara.

Horregatik poztu naiz Sanchez haginean printza disdiratsu batekin ikusi dudanean. Eta poztu egin naiz zenbait kazetari eta politikari horregatik haserre ikusi ditudanean ere. Hor daukazue, pentsatu dut, zeuen botika zeuentzat. Halako barne bake bat eman dit batek baino gehiagok momentu honetan izan behar duten bihotzerrea kalkulatzeak. Guri ez baitigute ezer erraztu. Behinolako ministroaren ezpainak, politikari gaztearen ile orrazkera, nekaneak, hirurogeita bederatzira bultzatzen duten izterrak, gorputz lodi nazkagarriak, bortxatzen ez bagaituzte abortatu beharrik izango ez omen dugun neskak, bakanen baten aluko usainaz ere aritu izan dira. Bai, aritu izan zarete. Begiratu bestela hemerotekak.

Aldatu den bakarra da orain ingelesez ari direla gobernu bateko gizon presidenteari adjektiboak jartzen, eta haren edertasuna dela eztabaida politikoa desitxuratu eta ordezkatzen dutena. Horretan ere, beti galtzaile gu. Nola gizonen gustukoak izatea den munduan egitea tokatu zaiguna, pentsatzen dute gure itsustasuna azpimarratzeak hondoratu egingo gaituela. Gizonen kasuan, edertasunetik egiten da ironia (edo). Baina ironia bakarrik, eta ez guri eraso egiteko erabiltzen duten umore zikin eta narrasa. Umorea deitzerik badago, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.