Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ausardiaz

2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Herri bezala hortera hutsak gara, erdipurdikoak; eta gure ordezkapen dena: erakundeak, hedabideak... jendea, horrelakoa da», esan zigun ezagun batek lehengoan. Mutu geratu ginen denak. Duela egun pare bat, Herbehereetako Gobernuak babesten duen Drugslab saioa ikusten berarekin gogoratu naiz. Youtuben: Nellie Bennerek, Bastiaan Rosmanek eta Rens Polmak egiten dute. Eurak dira aurkezle eta droga-probalari. Nederlanderaz, ingelesezko azpitituluekin. Miloi erdi jarraitzaile dute. Gazte hauek hamar minutuko bideoetan drogak probatzen dituzte. Heroina ez beste edozer. Estasia, marihuana, speeda, ketamina, popper... drogaren gaineko azalpenak ematen dituzte, zelan hartu behar diren, zein ondorio dituzten; kamera aurrean probatzen dute hori dena, eta sentitzen ari direna azaltzen dute. Bere gorputzeko tenperatura eta bihotz taupada-abiadura etengabe kontrolatuta dago. Zin dagit lilura eta harridura artean ikusi izan ditudala. Ikusleek eskariak egin litzakete. Esaterako, Rens Polmanek popper frogatu zuenean aipatu zuen sexu jardunean droga honek biziagotu egiten zuela orgasmoa; ikusle batek frogatzeko eskatu zion, eta aurkezle-probalariak kamera aurrean egin zuen. Izara baten atzean jarri, eta orgasmora heltzear zegoela popperra arnastu zuen sentitu zuena azalduz. Apurtzaileak dira erabat. Ostiralero saio berri bat dago, te-orduan.

Gurean? Nik ez dut ikusten. Norbaitek egingo balu, kalapita izugarria aurreikusten dut, eta jakina, gure gobernuek euren babesa bertan behera utzi ostean saioa debekatuko lukete. Ziur naiz. Hipokrisia? Erdipurdikeria? Ez dakit, benetan. Prestatuta gaude horrelako saio baterako? Droga gogorrak legeztatu behar dira?Horrek beste eztabaida luze bat lekarkiguke. Kontua da Herbehereetan droga kontsumoa Europako baxuenetarikoa dela. Badaude, noski, Herbehereetako droga politikak porrot egin duela diotenak. Baina nik (hain urri dugun) ausardia txalotu nahi nuke gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.