Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bizitza eta politika

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Iragan egun batez, ostatu batean, bi lagun ari ziren eztaba betean, biak ziren euskaldun zintzoak ustean, hala ere ezin adi elkarren artean, entzuten egona naiz umore tristean. Iraganeko gertaera batez ari ziren, ustez gauzak konpondu nahian. Solasaren harian, egin izan zituen akatsak zituen ahotan batak, egin izan zitzakeenak ere aitortu zizkion, ez zuen bere baitara bilduta bizi nahi; bestea ez zegoen baina, ezer ezagutzeko, lagunak buru gainera botatako harrietan zuen oinarritua diskurtsoa, ez zegoen ezer emateko, ez zuen ahul agertu nahi aurrean zuenaren aurrean.

Eta politika deitzen dugun talking headsen jolas horretan, ezin izaten diot maiz itzuri egin bi lagunen artekoaren estrapolazioari. Ez dio ardura zein mailatan, bada bihotz agerian ikusten dudanik, garbiegi seguru asko lehia zikinean aritzeko. Zintzotasunaren indarrez aritzea ez baita errentagarri. Hori baita hain zuzen lehenbiziko araua, ezer ez opatzea bekoz beko duzunari, are gutxiago norberari buruzko gaizkieginen aitortzarik. Sendo agertu behar da, lotsarik gabe, atzo euria esan bagenuen gaur eguzkia esan genuela aldarrikatu eta burua tente eta azala lodi. Absurdoa da, baina bidean aurrera egiteko era bakarra, nonbait.

Eta hain zuzen horrexegatik zait hain eramanezina, neure akatsa da, bizi izan dugunaren gainean hizketan ari direla zerutiar agertzen direnen jarduna: aitortu zuk zeurea, neuk lagunduko dizut zuloan barnerago egin dezazun, baina ez eskatu niri gauza bera egin dezadan. Biok dakigu zer gertatu den, bakoitzak du norberaren berri. Ez espero, ordea, autokritikarik nigandik. Indar posizioan nago, bitartekoak ditut nigatik diozuna hutsarekin berdintzeko.

Gaizki daramat jende harroarena, gaixotu egiten nau zinismoak. Eta badakit neurea dudana falta. Bi lagunen arteko eztabaidan bezala, bi hizkera baitira. Baita minaren gainean ari garelarik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.