Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Demasa

2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Pasatu ohi da ikusgarria den zerbaitek itsutu egiten gaituela, distira erraldoi horrek ez digula besterik ikusten uzten. Bakantasunean gelditzen gara, izoztuta bezala, edo okerrago, kiribilduta lez. Informazioan ere pasatzen da. Albiste-izar batek dena estaltzen du. Hizpide guztiak kolonizatzen ditu. Hortik kanpo geratzen bazara outsider zara; martiztarra elkarrizketa orotan. Monotematiko bilakatzen gaitu, eta ez osterantzeko gertakizunik ez dagoelako; izan ere, egunero milaka izaten dira berriak. Hainbestekoa da albiste-izarraren bonbaketa beste ezertarako espaziorik ez dela gelditzen. Baina distirak denbora oso mugatua du, eta berehala bestelakorik agertu ohi zaigu. Bazka da, bazka beharra. Fast kazetaritza horrelakoa da, eta azken aspaldiotan gailentzen ari zaigu. Ezin dakioke ihes egin albiste nagusiari, prefosta, baina uste dut demas horretan ikus-entzule-irakurlea nazkatu egiten dugula. Ez dakit beste aldea hobea ote den, hau da, etenik bako jarioa. Ez-informatzeko modurik egokiena, bestetik. Muturretik muturrera gabiltza, nonbait.

Azken egunotan informazio jariapen itzela izan dugu. Baina, egia esan, albiste gutxi batzuk kontatu ditugu eta kontatu dizkigute. Lehen mailako informazioa esaten diote. Ezinbestekoa, esango du norbaitek. Baina egia esan beti iruditu izan zait bizitza eta bizia hortik gora daudela, ezinbestekotasun informatibotik at. Albiste-izarra litxarreria da. Ez ezazu txarto ulertu, bere garrantzia du, baina neurriz kanpo joaten zaizkigun sentsazioa dut beti.

Existitzen ez den etorkizunean informazioa eman eta jasotzeko moduak aldatuko direla argi dago. Hartzailearen aukeran egongo ei da hautua. Hots, informazio-hartzaileak ematen duguna interesekoa ez badu ez duela jasoko. Izango ote gara basamortuko berri emaile gor eta itsuak? Denborak baino ez digu esango, eta honetan ere ezjakin gara, ez baitakigu denborarik izango ote dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.