Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Irina

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Mugako jolas baten berri emanez hasten du Irina liburu bahitua Nacho Carreterok. Bazen behin gizon bat Galiziaren eta Portugalen artekoa egunero bizikletaz igarotzen zuena, zaku bete ikatz aldean. Miatzen zizkion mugazainak puskak, baina deus aurkitzen ez. Urteetan horrela, biek erretreta hartuta, halako batean galdetu dion arte zer arraio pasatzen zuen, jakinminak errea bizi izan dela. Irri gaiztoz heldu zaio erantzuna: «zakuan deus ez, ipurdipean eta zangoei eraginez pasatzen nuen pasatu beharrekoa».

Aldaketaren bat gorabehera, Carreterok Miño hegian jasotako pasadizo bera kontatzen da Bidasoaldean ere. Antzekotasunak ez dira hor amaitzen, baina. Izan ere, liburuan sartu ahala, bizikizun zaharrak datozkio irakurleari gogora, mugazainen eta kontrabandisten arteko jolasaz harago hemen ere belaunaldi oso bat jo zuten gertaerak.

Ohartzerako, hildakoz bete zait gela. Komunean, ohean, kale bazterrean xiringa besoan hilik agertutako adiskideak, ondoren etorri zen zigor biblikoak eramandako lagunak, Elgoibar gaztez hustu zuena, Bermeori belaunaldi oso bat ostu ziona. Galegoz zein euskaraz, bera zen etxekoen sufrimendua eta bertsua enpresarien eta «segurtasun indarren» arteko tratua, lehendik kontrabandoarekin urraturiko bideen gainean batzuk ederki aberastu zituena.

Bai, desastre hutsa izan zen dena. Nola azaldu egun, lotsagorritu gabe, erakundeetatik ez zela deus eskaini estigma besterik, ez zegoela laguntzarik, debekatu egin zitzaiela botikei xiringak saltzea, eta horregatik ere kutsatu zela jendea. Galizian bezala, gertukoen minetik sortutako dinamikek behartu zuten hemen ere administrazioa beste norabide batean ekitera.

Berandu gabiltza, seguru asko, justizia eskatzeko, baina behar dugu gertatu zitzaigunaren kontaketa zintzorik, orduko gizartearen miseriak eta hipokrisiak erakutsi eta ardurak hobeto banaturik, irinak eramandakoen izenak duinduko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.