Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Montjuicek Montjuici

2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Aleak botatzen ditu Pablo Casado PPko komunikazio idazkariordeak ahoa zabaltzen duen aldiro: «uste dut historia ez dela errepikatu behar, espero dezagun bihar ezer ez aldarrikatzea, bestela, hori egiten duenak Companysek orain dela 83 urte bezala bukatuko du». Bistan da, gainera etorri zaio mundua Casadori, egia den arren Estatu Katalana aldarrikatzeagatik atxilotu zutela, ezin baita ahaztu nola amaitu zuen bere bizialdia jaun presidentak, frankismoak Montjuicen fusilatua. Gaur justu 77 urte.

Borrero edo biktima, Montjuicek Montjuici deitzen diola ez da Casadoren asmazioa. Kasualitateak zer diren. Herenegun beste urteurrena Montjuiceko hormaren kontra Francisco Ferrer Guardia fusilatu zutela. Eskola Modernoaren sortzaile, gehiegi ziren hezkuntza eredu hark XX. mende hasierako gizarteari ematen zizkion muturrekoak: neska-mutilek elkarrekin ikasten zuten, erlijioak ez zuen tokirik ikasgelan, buruari eragitera bultzatzen zen, ez lehiakortasunera... 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa eta Mateo Morralek Alfonso XIII.aren eta Victoria Eugeniaren kontra egin atentatua izan ziren estatuak erabili zituen aitzakiak Ferrer Guardia aurretik kentzeko. Batere frogarik gabeko epaiketa itxurako fartsa militar batean zigortu zuten heriotza zigorrera.

Errumaniako Brailan zen Juan Bautista Bilbao Batxi arratzuar marinela garaitsu hartan: «Hirugarrenez han egon nintzenean Bartzelonan Ferrer fusilatu zuten. Jakina! Sozialista aldrak hasi ziren gora-goraka. Berehala irten zen gudarostea kalera, eta zer? Zarata asko bai etxe-ateetatik edo hala, baina zaldi gaineko bat ikusten zenean, berehala barrura!».

Generalitateko president presoak, Espainiako errege sabledunak, gizarte asaldatuak, mehatxuak... dagoela lasai Casado, historia ez da errepikatuko, baina itzalak itzala du antzekoen. Larderian eta ordenaren mirabetzan hazitako euskaldun jatorrarena eta guzti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.