Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zer naiz ezpanaiz...

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Araceliren eta Antonioren etxe aurrean nago, Tomiñon. Bazkalondoa da eta dirdir egiten du Miñok. Harantzago, Vilanova de Cerveirako etxeak. Adiskidetasun zaharrak eta Portugal. Nork bere ahotsez, ez dakit zenbat bider kontatu didaten aurrez orain arrebaren ahotik entzungo dudana:

Jaialdi antinuklear batean izan zen, Pontevedan, Ferreria plazan, 1979an. Igo da Suso gitarrarekin tranpaldora, eta hor hasi da kantuan, berak bakarrik zekien moduan. Eta giroak hartaratua, Uah! abestiari, beste bertso bat erantsi dio, berea ere ez dena, gainera: Espainiaz ari bazaizkit / horra beti liskarbidea, / ze Espainia ama badut / zer naiz ni ezpanaiz… Orduan Suso isildu eta plazak amaitu du kantua, lau mila lagunek ahots betean: putakumea!

Salaketa heldu zitzaion, eta epailearen zigorra: sei urte eta egun bateko kartzelaldia, «Aberria agerian iraintzeagatik». Suso Vaamondek nahiago izan zuen ihes egin atxiloketari itxaron baino, eta hala ibili zen Londresen aurrena, Alemanian ondoren, putzua igaro eta Venezuelan azkenean. Lau urte eman zituen erbestean, harik eta bere burua entregatzea erabaki zuen arte.43 egunez egon zen preso Ourenseko espetxean. Felipe Gonzalez zegoen gobernuburu eta indultoa heldu zitzaion. Egina zegoen tratua sozialistekin Ameriketatik itzultzerako.

Denboragarrenera, horra hor non errepikatzen den istorioa. Valtonic deitzen da Suso Vaamonde; ez du galegoz abesten, katalanez rapeatzen du. Nahiago izan du ihesa sei urteko kartzelaldia baino. Esango zaigu, jakina, eta arrazoi guztiz, badela alderik. Bestelakoak direla esan direnak eta bestelakoa dela gizartea. Ez dezagun bazter utzi, baina, esango ez zaiguna: orain politikariek beste batzuen mesedetan lantzen dituztela indultoak eta blindatuagoa nahi dutela aberria; eta berdin, besteak segitzen duela, Inkisizioaren dolareak.

Hori Portugalen entzun dut, ilunabarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.