Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Botila heldu da

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ehun eta hogeita hamabi urte ondoren, heldu da botila. Australiako hondartza batean idoro dute, mezua zekarren barnean. Denbora hori guztia behar izan du Paula alemaniar itsasontzitik bota zenetik lehorreraino heltzeko. Urte asko da ehun eta hogeita hamabi, makina bat jende sortu eta hil da tarte horretan; minaldiak trumilka eta atzaparkada bete poz-ikara, baina azkenean, heldu da. Igorlearenak ez diren beste begi batzuek irakurri dute. Hori izan dugu asteko berri nagusia. Iritsi dela orain mende pasa bidalitako mezua. Ezin izan da gehiago gordean eduki, lau haizeetara zabaldu da berria. Amaitu da, itxura batera, zazpi ozeanoetako bakarraldia.

Ondorengo egunetako gertaerak eta erreakzioak ez dira inor lasai uztekoak, baina. Berehala ekin zaio diskurtsoak antolatzeari, lotsarik gabe mudatzeari. Itsasoan zelarik botilari harrika ibili direnak luzegabe hasi dira han zirela berak ontziaren karelean aldarria munduari zabaldu zitzaionean, urteetan ibili direla putz eta putz lehorra jo zezan. Beste batzuek, berriz, ez dute berentzat hartu. Pozak txoratzen ikusi ditugu igorlearen arrakastaz mozkor, ospakizunetan ere ezin isilik egon, besteren batentzat balitz bezala botilakoa. Dena da errazagoa mezuak beti inorentzat direla sinestea.

Hiromi Yoshidak euskarari ekarritako 1928 martxoaren 15a kontakizun luzea irakurtzen, Takiji Kobayashirena. Greba prestatzen ari dira gizonak Ryukichi Ogawaren etxean. Tea eramatera doala, hizketan entzun du senarra Okeik. Emazteaz ari da sindikatuko kideekin, zaila zaiola haren pentsaera aldatzea. Okei ez dago isilik egoteko:«Iraultza sukaldean hasten da. Hori bai dela ezinbesteko printzipioa! Eta Ogawa, zu ez zara bereziki zorrotza kontu horretan».

Botila sukaldean ez ezik ohean, jangelan, komunean eta haurren zein guraso zaharren logelan dugu, eta dagoeneko ez dago inon ezkutatzerik. Heldu da heldu behar zuen tokira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.