Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Geuria da ta geuria

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Frankismopeko Euzkadi hark aurkitu zuen aski arrazoi bere burua ikusteko Israel berrian: bi herriak ziren ibiliak noraezean, identitate bereizia zuten, sustrai sakonak eta berreskuratu beharreko hizkuntzak. Bestela esanda, bata ari zen betetzen bestearen ametsa.

Agirrek lehenengo, eta Leizaolak gero, ahalegin handiak egin zituzten buruzagien arteko harremanak sendoak izan zitezen. Bestalde, britainiarren agintearen kontra ari zen Irgun talde armatuak ere Euzko Gaztedikoen miresmena jaso zuen; Menahen Begin ez zen edozein, are gutxiago terrorista bat; esan gabe doa zelako poza ekarri zuen estatu berriak nazioartearen onespena jasotzeak. Kibutzen funtzionamendua zela edo hebraieraren miraria halakotzeko metodoak, adorean eta gogoan, zenbat zegoen ikasteko! Denborak apaldu eta epeldu ez zuen ituna: nekez uler liteke berrozien eta Ertzaintzaren sorrera eta formazioa israeldar armadaren eta zerbitzu sekretuen laguntzarik gabe.

Beraz, ez da harritzekoa Gazako gertaerek zirkinik txikiena ez eragitea Euskal Erdiko agintarien artean, izan gobernu, diputazio zein udal mailan. Gordin esanda, egun bakar batean 60 zibil palestinar hiltzea arrazoizko kopurua da nazioarteko joera hau den artean, jan litekeena. Ez da «bizitzarako eskubideaz» mintzatzeko unea; eta ezinbestean hitz egin beharra badago «autodefentsa» aipa liteke, edota ergelena ere iratzartzeko moduko «Hamas talde terrorista da» maiztua. Bestelako egoera genukeen palestinar suizida batek autobus bete jende leheratazi izan balu Tel Aviv erdian.

Garena gara; harreman historikoen, sinpatia argien eta identifikazio garbien aldamio itxuraz etikaz jantzia. Ekonomiak, euskal esportazioak aipatzea besterik ez dago, ematen dio errematea. Eta joku horretan, palestinarrek deus gutxi dute jasotzeko tartean behineko errukizko begirada ez bada.

Eurovisiona irabazi izan balute sikiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.