Albistea entzun

Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Iciar Bollain: «Ezin genuen oinazearen epikarik egin»

Maixabel Lasak senarra hil ziotenekin izandako elkarrizketetan oinarritu du zuzendariak 'Maixabel'. 'Benediction' eta 'Earwig' ere aurkeztu dituzte lehiara
Maixabel filmeko lantaldea, atzo, Kursaalean.
Maixabel filmeko lantaldea, atzo, Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola -

2021eko irailak 19 - Donostia

2000ko uztailaren 29an, ETAko komando batek Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohi eta PSE-EEko militantea hil zuen Tolosan (Gipuzkoa). Gertaera horrekin hasten da Maixabel, Iciar Bollain zuzendari espainiarrak zuzendu, eta Jauregiren alargun Maixabel Lasak senarraren hiltzaileetako birekin Langraizko espetxean (Araba) izan zituen elkarrizketak ardatz dituen filma. Atzo goizean aurkeztu zuten Kursaaleko auditoriumean, eta oso gutxitan izaten den txaloaldia jaso zuen amaieran.

Pelikula 2021eko Zinemaldian estreinatu den arren, proiektuak baditu urte batzuk. El País egunkarian irakurritako albiste batzuen bitartez izan zuten filmaren ekoizleek Langraizko espetxean egiten ari ziren elkarrizketen berri, eta Koldo Zuazuak atzo azaldu zuenez, harrigarria egin zitzaien, ETAren jardun armatua artean indarrean zegoela, halakorik gertatzea «esparru erabat zibil eta gizatiar batean, instrumentalizazio politikorik gabe». Zuazuak adierazi zuenez, kazetaritza lan haiek irakurri ostean, film bat egiteko ideiari bueltaka hasi ziren, «hasieran dokumental bat egiteko asmoarekin», baina berehala jabetu ziren eraginkorragoa izan zitekeela gaia fikzioaren bitartez jorratzea. «2016an, berriz, ikusi genuen Maixabel Lasaren bitartez eraiki genezakeela pelikula».

Orduan jarri ziren harremanetan Iciar Bollainekin eta Isa Camporekin, eta biek hartu zuten Langraizen Lasaren eta ETAko kide damutuen artean izandako enkontruen istorioa gidoi bihurtzeko ardura. Hasi ziren elkartzen Lasarekin, Maria Jauregi haren alabarekin eta beste hainbat lagunekin, eta lan prozesuaren fase hori intentsitate handikoa izan zen, Camposek azaldu zuenez: «Erabat ireki zitzaizkigun, eskuzabaltasun osoz. Hamaika aldiz deitu diogu Maixabeli eskatzeko gauzaren bat edo beste kontatzeko».

Filma egiteko orduan, Bollainen ardurarik handiena gertatutakoa «errespetuz» kontatzea izan zen. «Egiazko jendeaz ari zara hizketan, eta baita gai oso mingarri bati buruz ere, jende askorengan eragin duena. Horregatik, ondo egin nahi genuen. Hain kontu mingarria izanik, geure buruari ezarri genion arau bat: ezin genuen atsegin hartu oinazean... Ezin genuen egin oinazearekin epika».

Filmean Blanca Portillok egin du Lasaren rola, eta Luis Tosarrek, bere aldetik, Ibon Etxezarreta Langraiz bidea hartu zuen etakidearena, eta biek pertsonaiei eman dieten «gizatasuna eta egia» nabarmendu zuen filmaren zuzendariak. Hain zuzen ere, bi aktoreek aipatu zuten bazekitela esku artean zuten materiala «oso ona baina delikatua» zela. Tosar: «Pelikularen oinarrian dagoena bizi izan zuen jendeak dena eman digu; kontatu digu dena. Guk gure eremura eraman dugu, baina jakinda beti sentikortasun izugarriarekin egin behar genuela, bagenekielako material oso sentikorrarekin ari ginela lanean».

Filmaketan ere sentikortasun hori agerikoa izan zela azpimarratu zuen, berriz, Portillok. «Bakoitzak bere sakelan zeraman guztia jarri zuen istorio hau kontatzeko. Zintzotasun erabatekoarekin aritu ginen, eta sortu zen atmosfera berezi bat, jende guzti-guztiarengana hedatu zena. Kontatzen ari ginena zen inportanteena».

Denboraren iragatea

The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) filmekin Sail Ofizialean izan ostean, Benediction lanarekin itzuli da Urrezko Maskorrerako lehiara Terence Davies zuzendari ingelesa. Siegfried Sassoon poetaren bizitza kontatzen du filmak, I. Mundu Gerrara soldadu joan zen unetik abiatuta. Bizipen horrek utzitako arrastoak agertuko ditu Jack Lowden aktoreak gorpuztutako pertsonaiak, eta, horiekin batera, haren poemak, harremanak, iraganarekiko arrangurak eta bizitzari zein denboraren iragateari buruzko gogoetak tartekatuko dira narrazioan. Publikoak txaloz hartu zuen atzo eguerdian, Kursaalean.

Ondorengo agerraldian Daviesek azaldu zuen poetari buruzko biografia eder batzuk irakurri zituela, eta bere bizitzako hainbat alderdi aukeratu zituela filmerako. «Oso zaila egin zitzaidan gauza batzuk kanpoan uztea, eta dramatizatu nezakeen hura hautatu nuen». Besteak beste, pelikulak kontatzen du nola gerran parte hartzetik aurkako jarrera izatera igaro zen poeta, nola hainbat gizonekin harremanak izan ondotik andre batekin ezkondu zen, eta nola katolizismora bihurtu zen. Daviesen ustez, ez da etsipena zehazki protagonistak sentitzen duena. «Sassoonek ez du erredentzioa aurkitzen, norbere baitan bakarrik aurki daitekeelako; izan ere, ezin baduzu zure baitan aurkitu, ez duzu aurkituko ez besteen bitartez, ez artearen bidez, ezta erlijioaren bidez ere».

Daviesekin lan egitea eta Sassoon gorpuztea «ohorea» izan dela adierazi zuen Lowdenek. Filmean ugariak dira pertsonaien arteko elkarrizketak, garratzak asko, eta horiek prestatzeko egindako lanaz galdetu zioten agerraldian. «Elkarrizketak ongi gogoratzea zaila izaten da gidoia txarra denean, baina hori ez da kasua».

Isiltasuna eta iluntasuna

Daviesen filmean elkarrizketek pisu nabarmena badute, apenas dago hitzik Lucile Hadzihalilovic zinemagile frantsesak lehian erakutsi duen Earwig-en. Bestelako baliabide narratiboak baliatu ditu egileak —argazkia, musika, hotsak...— istorio durduzagarri bat eraikitzeko. Kursaalen, atzo arratseko emanaldian izan ziren zuzendaria eta bere lantaldea.

Brian Catlingen izen bereko eleberria du oinarri filmak. Zuzendariak azaldu zuen publikatu aurretik irakurri zuela. «Liluragarria iruditu zitzaidan, oso misteriotsua eta oso aberatsa; gertuko sentitzen nituen elementu asko zituen, baina niretzat ezezagunak ziren lurraldeetara eramaten ninduen aldi berean. Izan ere, protagonista gizon bat da, nire gainerako lanen kontraeremua». Bereziki liburuaren «alde sentsorialak, sakontasunak eta misterioak» erakarri zutela gehitu zuen. Hain zuzen, irakurleari bere bidea osatzeko askatasun handia ematen dion testu bat dela uste du Hadzihalilovicek, eta horixe eman nahi izan du berak ere ikusleari.

Bi dira protagonistak: Mia (Romane Hemelaers), izotzezko hortzak dituen neskatoa; eta Albert (Paul Hilton), hura zaintzeko ardura duen gizona. «Niretzat, filma Alberten erretratua da. Oso bakarrik eta nahasita dagoen norbait da, iraganagatik erru handia duena». Ia hutsik dagoen etxe batean bizi dira, leihoak eta leiho-ateak beti itxita, eta haurra ez da sekula kalera ateratzen. Giro itxi eta ilun horretan murgilduko du filmak ikuslea. Atmosfera hori lortzeko «pisu baten barruan iluntasun ia etengabean» filmatzea erronka izan zela aitortu zuen zinemagileak, baita Warren Ellisen «soinu ehundurak» horretarako ezinbesteko osagai izan dituela ere.

Innocence (2004) —Zuzendari Berriak saria— nahiz Évolution (2015) —Epaimahaiaren Sari Berezia— lanekin izana da jaialdian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.