EUSKARALDIAn BERRIA bizi

Sarean ere 'klika' egiteko

Euskarak Interneten duen presentziaren datuek diote sareko hizkuntza aktiboa dela. Baina zein da haren erabilera? Horren daturik ez dago, baina adituek kezka dute ez dela eskaintzaren parekoa. Neurriak eskatu dituzte.

Gazte bat, ordenagailua erabiltzen. Euskarazko eduki asko dago sarean, baina zenbat erabiltzen diren ez dago argi. IKERNE ZARATE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Osasun egoerak behartuta, Euskaraldiak ez du presentzia handirik izan kalean, eta aurten sarera egin behar izan du salto ariketa soziala egiteko. Zein da, ordea, euskararen egoera Interneten? Eskura dauden datu apurrekin eman daiteke galdera horrentzako gutxi gorabeherako erantzun bat: Puntueus Behatokiak egindako neurketaren arabera, 2017an Euskal Herrian erregistratuta zeuden webguneen %16 zeuden euskaraz —.eus domeinua zuten hamar orrialdetik bederatzi zeuden euskaraz—; Twitterreko txiolari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen du www.umap.eus atariak, eta, azken datuen arabera, abuztuan euskal erabiltzaileek argitaratu zituzten 481.000 txioetatik %35 izan ziren euskarazkoak; Wikipedia sareko entziklopedia librea 313 hizkuntzatan mintzo da, eta, eduki kopuruen araberako sailkapena eginez gero, euskara 32. postuan legoke, 367.000 artikulurekin. Datu horiek ikusita, beraz, ondorioztatu daiteke euskara hizkuntza dinamikoa dela sarean.

Datuek errealitate hori erakusten duten arren, Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakasleak eman duen erantzuna zalantzazkoa izan da: «Nik uste dut erantzun zintzoa dela ez dakigula oso ondo euskara zer egoeratan dagoen Interneten. Fenomeno berriegia eta aldakorregia da oraindik jakiteko hizkuntza bezala ondo kokatuta gauden ala ez». Kultura, aisia, hizkuntza eta komunikaziorako teknologien inguruan landu du bere ikerketa ildoa, eta, dioenez, euskarak baino egoera soziolinguistiko egonkorragoa duten hizkuntzetan ere ziurgabetasun handiak dituzte Interneten duten presentziaren eta erabileraren inguruan.

Egoeraren argazki zehatzik ez duelako dio Landabideak ezin duela esan nola dagoen euskara. Baina hori horrela izanda ere, kezkatuta eta pozik egoteko arrazoiak daudela dio: «Diglosia egoeran eta hizkuntza indartsuekin kontaktuan egotearen ondorioz, euskarak sarean duen presentzia txikia da». Baina, kontrara, euskarari tokatzen zaion baino hobeto dagoela ere badio, hasierako datu horiei erreferentzia eginez. Ildo horretatik tiraka dio Iñaki Lopez de Luzuriaga Euskal Wikilarien Elkarteko kideak egoera «nahiko ona» dela. «Material asko dago euskaraz, eta bitarteko asko daude kontsumitzaileei begira». Baina argi utzi nahi izan du zergatik dagoen euskara egoera nahiko on horretan: komunitate oso aktiboa dagoelako sarean. «Arlo digitalean dena geratzen da aktibisten esku, eta lan horri guztiari esker gaude egoera honetan».

Euskarazko ekoizpen handia dago Interneten, baina Landabideak diglosia digital kontzeptua aipatu du. Hizkuntza handiek xurgatzen dituztela sareko funtzio gehienak, alegia. Horregatik, kezka erakutsi du euskararen presentzia digitala zenbatekoa den ez dagoelako argi, eta Andras Kornai hizkuntzalari hungariarraren hitzak ekarri ditu gogora—otsailean Bilbon izan zen Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldietan—: «Internet hizkuntzentzat arazo bat izan daitekeela zioen, hizkuntza nagusi batzuek soilik lortuko dutelako garapen digitala». Ingelesak eta gaztelerak lortu dute garapen hori, baina, dioenez, munduko hizkuntza gehienek ez dute parekorik lortuko, eta Kornairen arabera, horrek sortuko du hizkuntza indartsu eta ahulen arteko aldea XXI. mendean. «Azaldu zuenez, bereizketa horrek ia heriotzara eraman ditzake hizkuntza asko».

Euskarak kalean duen gabezia bera izan ote dezakeen susmoa baitu Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Hau da, ezagutza handitu den arren, kaleko erabilerak ez duela gora egiten. Sareko terminoetara eramanda, gero eta eduki gehiago sortzen direla euskaraz, baina ez dagoela argi horien kontsumoa zenbatekoa den. «Kezkatzen nau gero eta plataforma gehiago daudela erdaretan, eta ez daukagula ohiturarik horietan euskara erabiltzeko».

Ezarpenak, erdaretan

Erabilera hori baldintzatu dezaketen aldagai asko egon daitezke, baina horietako bat nabigatzaileen ezarpenak izan daitezke. Berdin baitu Google bilatzailean euskarazko hitzak jartzeak: Interneteko nabigatzailearen ezarpenak euskaraz ez badaude erdarazko bilaketa bat egingo baitu atari horrek. Hor ikusten du lantzen hasteko bidea Lopez de Luzuriagak: «Euskarri digitalak euskaraz jarriz hasi gaitezen, eta egin dezagun kanpaina publiko bat, erakundeetako edo hezkuntza arloko gailu digitalen ezarpenak euskaraz jartzeko». Keinuak bere horretan aurrerapauso nabarmena ekar baitezake euskararen erabilera digitalean.

Bide horretan, aurtengo Euskaraldiak ariketa soziala sarean egiteko baliabideak eskaini ditu bere webgunean. Ahobizi eta belarriprest rolak eremu digitalean nola bete azaltzeko irizpideak baliatu ditu, baina, horrez gain, sakelako telefono eta nabigatzaileak euskaratzeko egin daitezkeen urratsak zein diren ere azaldu dute. Baina Lopez de Luzuriagak ahalegin handiagoa egin dadila eskatu du. Eta erabilera hori sustatzeko ildo estrategikoak ezar daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.