Gipuzkoako hondakinak Zabalgarbira eramateko atea ireki dute aldundiek

Akordiorako oinarria lortu dute Bizkaiak eta Gipuzkoak 2019ra arte, Zubietako errauste planta eraikitzeko lanak bukatu bitartean

Donostia
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Akordiorako oinarria lortu dute bi lurraldeetako aldundiek. Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok atzo jakinarazi zuenez, 2018ko irailean hasi eta 2019an zehar Bizkaira eramango dute Gipuzkoako hondakinen parte bat, Zubietako erraustegia martxan jarri bitartean. Diputatuak ez du argitu Bizkaian nora bidaliko duten zaborra, baina ez du baztertu Zabalgarbiko plantan erraustuko denik.

Aurreakordioa GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak onartzeko dago oraindik; datorren astean bozkatuko dute. Akordioak iraungo duen epean bi aldi bereiziko dituztela iragarri du Asensiok. Lehena 2018. urteko irailaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko da. Epe horretan, 20.000-25.000 tona hondakin bidaliko dute Bizkaira, astean 1.200-1.300 tona. Bigarren aldia 2019. urtea izango da, eta ez dago data zehatzik; gutxienez 25.000 tona igorri beharko ditu Gipuzkoak urtean zehar, eta gehienez, 60.000. Asensio pozik azaldu da adostutako baldintzekin, Gipuzkoari «malgutasuna» eskaintzen baitiote.

Prezioak ere ez dira berdinak izango hitzarmenak irauten duen epe osoan. 2018an, Gipuzkoak inolako tratamendurik gabe bidaliko ditu hondakinak; horren ondorioz, egun indarrean dagoen prezio publikoari (tonako 119 euro) gainkostu bat gehitu beharko zaio (tonako 15,54 euro). 2019rako, ordea, espero dute Zubietako TMB tratamendu mekaniko-biologikoko planta martxan jarri eta hondakinak tratatuta bidaltzea; horregatik, prezio publikoa bakarrik ordaindu beharko dute. «Trantsizio urte» gisa definitu du Asensiok 2019a, udazkenerako espero baitute erraustegia martxan jartzea.

Hala ere, ez du zehaztu non bukatuko duten hondakin horiek. «Garbiker enpresarekin egin dugu hitzarmena, baina ez dagokit niri haiei esatea nola egin behar duten lan». Garbikerrek Bizkaiko hondakinak kudeatzen ditu; birziklatzen ez den zabor gehiena Zabalgarbi errauste plantara bideratzen dute, eta frakzio txiki bat, zabortegietara. Asensioren arabera, litekeena da tratatu gabeko hondakinak Bilboko TMB plantara eta ondoren Zabalgarbira heltzea; dena den, 2019an Gipuzkoako TMB planta martxan jarri eta zaborra tratatuta bidaltzean, Artigas zabortegira ere eraman ahal izango dute.

Asensiok «oso positibotzat» jo du akordioa; nabarmendu du 2019a izango dela hondakinak kudeatzeko zerbitzuak «beste lurraldeei eskatu beharko zaizkion» azken urtea. «Autonomo bilakatuko gara». Edonola ere, Bizkaiak ez ditu bere gain hartuko Gipuzkoako hondakin guztiak, GHK-k Mutiloako zabortegiarekin duen kontratua luzatu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.