Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Iragana, orbana eta arantza

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
'Maixabel'

Zuzendaria: Iciar Bollain. Herrialdea: Euskal Herria-Espainia. Iraupena: 115 minutu.

Luzea da gure iraganaren itzala, hain da luzea non Maixabel filmak pantailaratzen duen istorioa sastrakaz beterik dagoen pasadizoa igarotzea bezalakoa izango den. Eta ez dut esan nahi filma katartikoa denik, ezta gutxiago ere, baina, agerraraziko ditu azalak estali nahi izan dituen ubeldura latenteak, desagertuak pentsatu nahi genituenak.

Bollainen filma ez da beste munduko ezer; ez zait filmikoki interesgarria iruditu, ez teknikoki, ez narratiboki. Baina zuzendariak eta taldeak gauzatu duten artefaktuaren balioa bestelakoa da. Artefaktu politikoa baita, eta alde horretatik bai beteko du bere lana, ezin hobeago gainera.

Aktoreei dagokienez, Maria Cerezuelo (Maixabelen alaba) eta Urko Olazabalen (etakidea) lana goraipatuko nituzke, lan benetan zintzoa. Blanca Portillorena ere gogoangarria da, nahiz eta momentu batzuetan aktorearen, pertsonaren eta pertsonaiaren artean balantzatuko garen, honen sinesgarritasunaminduta suerta daitekeelarik.

Maixabel Lasaren irudia eta eredua goraipatuko ditu Bollainen azken lanak, haren jarrera, adorea eta seta. Bestaldetik, Langraiz bideari atxiki zitzaizkion bi presoren jardunean lagunduko gaitu. Erraza izango da alde batekoak zein bestekoak hauspotzea filmarekin, gure historia hurbilaren konplexutasuna ezin baita film bakar batean bildu: ez da guztia kabitzen, ez daude pertsonaia eta geruza nahiko, ez daude hari, istorio, argudio nahiko, herri oso bati eragin diona behar bezala justiziaz irudikatzeko. Baina eztabaida sortzeko gaitasuna dauka filmak, eta ahaztutzat jotzen diren gatazkak itauntzeko bidea eskainiko du. Hor dago bere balioa eta boterea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.