Albistea entzun

Cony Carranza. Emakunde sariaren irabazlea

«Migrazioa dolu bat da»

Emakume migratzaileen abaro da Cony Carranza. Ahotan hartu ditu haien ekarpenak, minak, ametsak, ahalduntzea, mugak eta tentsioak. Eta itxaropenez mintzatu da: «Sinesten dut nire kide feministengan».
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2020ko azaroak 1 - Santurtzi

Pandemiagatik urte erdi atzeratuta, asteartean egin zuten, Gasteizen, Emakunde saria emateko ekitaldia. Cony Carranza Castro hezitzaile eta soziologo feministak jaso zuen (Santana, El Salvador, 1963), lagunen eta senideen hitz ederren artean. «Oso ekitaldi zaindua izan zen, zirraragarria». 2004an iritsi zen Euskal Herrira, eta andre migratzaileentzat erreferente bihurtu da, Munduko Emakumeak elkartean eta Emakumeen Mundu Martxan egindako lanaren bidez, besteak beste.

Emakundek adierazi duenez, emakume etorkinek euskal gizarteari egindako ekarpena aitortzeko modu bat da zuri saria ematea. Zer ekarpen da hori?

Emakume migratu askok hemen egiten ditugun etxeko eta zaintza lanak ekarpen oso garrantzitsua dira hemengo biziak sostengatzeko. Hori oinarrizkoa da. Eta, batzuetan, aukera ematen digute demostratzeko beste hainbat alorretan dakarzkigun ezagutzak eta jakintzak. Ederra da pentsatzea gizartea gai dela emakume migratuen gainean dauden estereotipoak hausteko, eta onartzeko guk beste jakintza batzuk ere ekarri ditugula.

Dena den, bidezkoa al da gizarteak zuek soilik zaintzaile gisa ikustea eta ikuspegi utilitarista hori gailentzea?

Oso arantzatsua da hori. Izan ere, zer esanahi eta zer balio ematen diogu zaintzari? Izozmendiaren irudia erabilita, egiaz bizia iraunarazten duen faktorea zaintza da, baina produktibitateari ematen zaio garrantzia. Baina zer dago hemengo haurrak edo adinekoak zaintzea baino inportanteagorik? Lan horiek duindu behar dira, eta aitortu; eta horrek esan nahi du, adibidez, zaintzen dituzten pertsonen etxean bizi diren langileen figura ezabatu behar dela: lan horrek bizimodu osoa hartzen du; ez litzateke existitu behar. Zaintzak apustu publiko eta komunitarioa izan behar du. Handia da zaintzea, baina zergatik egin behar dute emakume migratuek, baldintza horietan? Gizarteak jakin behar du klasea eta arraza ere gurutzatu egiten direla auzi honetan. Eta guk zaintza ikusgai egin nahi dugu, hor gertatzen ari dena ulertu, zeren kate horiek hautsi egin nahi baititugu.

Zaintza handia dela esan duzu. Polita da?

Ez dakit zein den hitz egokia... Azkenaldian, hutsaldu egin dira zaintzaren ingurukoak, erabili, idealizatu, satanizatu... Orain nazkagarria al da zaintzea? Niretzat, eta ezagutzen ditudan andre latinoamerikarrentzat, zaintzea ez da txarra, gu komunitatean zaintzetik gatozelako: gure neba-ahizpak zaindu ditugu, edo lehengusuak, eta ez dugu sentitu esplotazio baten moduan nahiz eta emakume batzuek haurtzaroa edo gaztaroa galdu duten hor, baina ez dugu uste hori egitea naturala denik. Oreka konplexua da: zaintza erdigunean jartzeak ez du esan nahi zaintzea zoragarria denik, baina ezta munduko okerrena denik ere. Emakume batzuek esan izan didate bizia salbatu diela adineko bat edo haur bat zaintzeak, alaitasuna itzuli diela.

Atzerritarren Legea indargabetzeko eskatu zenuen ekitaldian. Zergatik?

Mobilizazioetan oihukatzen dugu Atzerritarren Legeak heriotzak eragiten dituela egunero, eta hala da, adibidez, Afrikatik migratzen dutenentzat. Latinoamerikatik datozenentzat, heriotza hori soziala da: urteak egitea beren jaioterrira itzuli ezinda, bankuan kontu bat ireki ezinda... Gainera, handik batez ere emakumeak etortzen dira, zaintza lanetara, kontraturik gabe... Oso errealitate mingarriak dituzte andre horiek. Lege klasista eta arrazista bat da. Unibertsitate ikasketak ere ezin ditugu erraz homologatu askok zazpi urtetik gora behar izan dute prozesua amaitzeko, eta, azkenean, legediak etxeko lanen eremura mugatzen gaitu.

Zuk zeuk unibertsitate ikasketak dituzu, baina zaintzen jardundakoa zara...

Bai. Soziologia ikasi nuen, baina nire bokazioa hezitzailea izatea da. Eta luzaroan zaintzan lan egin izan dut bestelako aukerarik ez zegoelako. Horrez gain, tarteka lantegiak eta ikastaroak egin izan ditut jabekuntza eskoletan, baina oso prekarioa da hori, eta zaintzara itzultzen naiz.

Herri hezkuntza aldarrikatzen duzu. Zertan datza?

Hemen, leku batzuetan, ez dago ondo ikusia, akademiaren aurkakotzat jotzen delako; kontuan izan behar da Brasilen sortutako pedagogia molde bat dela, eta Latinoamerikan oso gutxiren pribilegioa dela akademia. Edonola ere, herri hezkuntzak ez du ukatzen akademiako ezagutza hori, baina aldarrikatzen du beste leku batzuetan ere badela jakintza, eta ikasitakoa desikasi behar dela, bizia auzitan jartzeko, politizatzeko eta eraldatzeko. Emakumeok ere kuestionamendu haziak ereiten ditugu; denok izan dugu buruan: «Ni bakarrik sentitzen al naiz horrela?». Eta hori guztia auzitan jarriz, aldaketak eraginez bihurtzen dira pertsonak subjektu politiko. Halako emakumeak izan dira nire maistrak, gerrak beren lurraldetik kanporatutako nekazariak: urteak dira ez dudala entzuten haiena bezalako planteamendu marxista koherente bat. Beste ezagutza horiek biziki interesgarriak dira.

Hemen lan asko egiten duzu emakume migratuekin. Zer premia dituzte iristen direnean?

Batetik, beren buruari aitortu behar diote ahaldundutako andreak direla: migrazioari buruz erabakitzeko boterea izan dute, eta horren balioaz jabetuta egon behar dute. Eta, bestetik, onartu behar dute bizitzen ari direna oso gogorra dela, zeren migrazioa dolu bat baita: mina da, susmoa, tristura, beldurra, bakardadea... Gizarte oso desberdin batera iristen dira, eta ezin dute atzera egin... Nik sinesten dizut leloa ere horra eraman behar dugu, haiei adieraztera eskubideak dituztela, ez daudela bakarrik, ez dutela errudun sentitu behar...

Errudun, seme-alabak jaioterrian uzteagatik?

Bai, amatasuna kudeatzeko eta maitatzeko beste modu batzuk bilatu behar izaten dituzte. Baina hori guztia egin behar dugu andre migratuak biktimizatu gabe, asko jaioberritu egiten direlako, eta gizarte honek aukera asko ematen dizkielako: adibidez, beren gorputzaren gainean erabakitzeko, ekonomikoki autonomoagoak izateko... Halere, erronka bat da andre horiek prekaritatetik ateratzea: batzuk oso pobretuta daude hemen 10-15 urte egin arren, soldataren parte handiak senideei bidali izan dizkietelako, eta hemen oso babes gutxi dutelako.

Emakume migratuez irudi homogeneoegia du gizarteak?

Lehen emakumeaz hitz egiten genuen, eta orain emakumeez, pluralean. Eta jatorriarekin gauza bera da: aniztasun handia dago unearen, herrialdearen, garai politikoaren arabera. Baita helburuetan ere: batzuek migratu dute amesten dutelako seme-alabek ikasi ahal izatea, edo jaioterrian etxe bat eraikitzea komun eta guzti; beste batzuk etortzen dira haurrek osasun tratamendu bat behar dutelako... Andre horiekin ditugun erronketako bat da politizatzea, subjektu politikoak sortzea. Asko kezkatzen nau, adibidez, hemengo kontsumismo basatian erortzeak, horrek pobretu egin baititzake; baina oso zaila bada denontzat, haientzat are gehiago.

Ahalduntzea ariketa indibiduala ala kolektiboa da?

Biak. Nik nire potentziala deskubritzen dudanean, ez baitidate irakatsi nire kulturan neskek balio gutxiago dutelako, eta ohartzen naizenean gauza asko egin ditzakedala, aldi berean ikusten dut beste emakumeen balioa eta ahalmena. Joan-etorri bat da ahalduntzea, eta horrela bihurtzen da kolektibo: botere hori sakondu egiten da besteekin konpartitzen denean, horrek ematen dio zentzua. Ederra da, gainera, prozesu hori egiten duten emakumeak borroka feministara batzen direnean, sareak osatzen dituztenean.

Nola ari zaie pandemia eragiten andre etorkinei?

Batzuek preso egin dituzte azken hilabeteak, adinekoak zaintzen, haiek kutsatzeko beldurrez itxita. Beste batzuek lana galdu zuten, eta gerora ordu batzuk berreskuratu dituzte. Baina garai gogorra dator etxeko langileentzat: enplegatzaileak kontratuak egiteko beldur dira, soldatak jaitsi dituzte... Sexu langileekin ere izan nintzen udan, eta bihotza urratzeko modukoa izan zen: jatekorik gabe ibiliak ziren.

Orain justu urtebete, Durangoko jardunaldi feministetan, feminista migratuen eta hemengoen arteko tentsioa azaleratu zen. Nola ikusten duzu harreman hori?

Beste leku batzuetan ere azaleratzen ari dira tentsio horiek, baina pentsatu nahi dut hemen gaitasuna eta jakinduria izango dugula hobeto eramateko, eta presarik gabe kudeatzeko. Ni neu oso identifikatuta sentitzen naiz kide migratuek diotenarekin, baina beste adin batekoa naiz, eta beste ibilbide bat daukat, talde mistoetan. Eta ikasi dut halako kontuek prozesu bat eskatzen dutela, eta pazientzia: hemengoek oso azkar eduki nahi dituzue erantzunak, baina hau arnasa luzez jorratu behar da. Izan ere, nik badut konplizitate berezi bat emakume migratuekin, elkarri begiratu eta ttak egiten duena, eta zuek ere zurion artean izango duzue, ezta? Ez da erraza konplizitate hori denongana zabaltzea; nik urteak behar izan ditut lagun zuriekin erlazio hori lortzeko. Baina bide horiek beharrezkoak dira. Aurrekoan irudi bat bidali zidaten: emakume beltz bat aurrean, eta zuri bat atzean; hori egiteko gai izango al gara hemen? Ahotsa emango al diegu kide beltzei?

Indartsu dago mugimendu feminista. Aztergai dituzuen gaien eta aldarrikapenen artean, zer lehentasun ikusten duzu?

Uste dut sarean antolatzen jarraitu behar dugula, norbere gelatik baina espazio komunekin, eta asko hitz egiten. Iraultza egiteaz konbentzituta gaude, baina konturatu behar dugu pausoz pauso lortuko dugula, ezin dugula den-dena egin hain azkar: badakigu zer-nolako munstroak ditugun aurrean, eta uste dugu bi ostiko emanda aurre egingo diegula? Orain faxismoak egonezin handia eragiten dit, beldurra, baina oraindik ere sinesten dut nire kide feministengan. Oso pentsalari onak ditugu. Oraintxe Bell Hooksen ideia batzuk etorri zaizkit burura: sinetsi behar dugu maskulinitate berriak eraiki daitezkeela, beste edertasun molde batzuk eratu... Askotan pentsatzen dut zoragarria dela bizitza feminismoaren tresnatik ikusi ahal izatea: ni salbatu banaiz, feminismoari esker salbatu naiz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Moderna txertoaren bi bial. ©Guillaume Fauveau

Moderna txertoa baizik ez dute jarriko Iparraldeko txertaketa guneetan

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak erran du «dosien kontserbazioagatik» hartu duela erabakia. Pfizer txertoaren dosi bat jarri behar dutenek eta 30 urtetik beherako herritarrek osasun langile independenteengana jo beharko dute hemendik aitzina.

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta ©Guillaume Fauveau

Ziburun trenak harrapatuta zaurituriko etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Marifran Aranjuelo. / ©Maialen Andres, Foku

«Gezur asko esan dizkigute metroari buruz»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Donostiako metroaren aurkako borrokak eta migratzaileen eta presoen aldekoak bizi dute, gaur egun, Aranjuelo. Ez zaio batere gustatu Donostiak azken urteotan izan duen eraldaketa.

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.