Organikoa kudeatzeko lehen pausoak

Arabako hondakinen kudeaketa Europak markatzen dituen helburuetatik aski urruti dago. Hala ere, badira hiru herri hondakin organikoak kudeatzeko egitasmoak martxan jarri dituztenak.

Gasteiz
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Gardelegiko zabortegia. Horra doa zuzenean, Arabako kuadrilletako edukiontzi grisetara —Gasteizkoetan izan ezik— botatako guztia, inolako tratamendurik gabe. Arabako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren arabera, datorren urterako kuadrilletako zabor organiko guztia bereizita bildu beharko litzateke. Gasteizen kasuan, hondakin organikoen %80 bildu beharko lituzkete heldu den urterako. Helburu horiek ez dituzte inondik ere betetzen kuadrillek. Hala ere, badira hiru udalerri zentzu horretan lanean jarri direnak eta konpostaren aldeko apustua egin dutenak: Burgu, Barrundia eta Asparrena.

Burguko biztanleria modu nabarian igo zen 2000. urtean, banakako etxebizitza ugari egin zituztelako. Hori dela eta, inausketa eta lorategietako hondakinak ugaritu ziren, eta herrian ez zuten horretarako irtenbiderik. «Jendeak ez zekien zer egin inausketa eta belar hondakinekin. Arazo bat genuen, eta zerbait egitea erabaki genuen», azaldu du Natividad Lopez de Muniain Burguko alkateak.

Burguko sei herrietan 2005ean martxan jarri zuten probarako proiektua. Herri bakoitzean bizilagunek inausketa eta lorategietako hondakinak botatzeko puntuak ezarri zituzten. Hondakinok zaborra xehatzeko makinarekin txikitu, eta konposta egiten dute.

Hamar urte daramatzate Burgun konpostatzea lantzen. Batzuek etxean bertan egiten dute, eta beste batzuek auzo konpostagailuak erabiltzen dituzte. Lopez de Muniainek kalkulatu du herritarren %40 inguruk bat egiten dutela konpostatzearekin. Hori sustatzeko, hainbat ikastaro eta kanpaina egin dituzte; besteak beste, hondakin organikoak kudeatzen dituztenek %80ko beherapena jasotzen dute zabor tasan.

Barrundian 2014an hasi ziren hondakin organikoen kudeaketa lantzen. Udalean ez zuten jakin zenbat zabor sortzen zuten 2012ra arte. Bi urtetako datuak jaso ostean, zabor kopurua jaisteko erabakia hartu zuten: hondakin organikoak konpostera bideratzea ebatzi zuten. Ingurumen teknikaria kontratatu zuen udalak, eta proiektua martxan jartzeko informazio hitzaldiak egin zituzten. Horrez gain, herriko hondakin sortzaile handienekin hitz egin dute: egoitzak, jatetxeak eta aterpea, besteak beste. Administrazio batzarrekin hainbat bilera egin dituzte, etxeko hondakinez gain, inausketa eta moztutako belarra ere konpostera bideratzeko asmoa baitute.

Ozaeta eta Audikanan auzo konpostagailuak dituzte. Arabako Foru Aldundiak jarri zituen duela urte eta erdi. Horiek erabiltzeko bizilagunek izena eman behar dute herrietako batzar administratiboetan. Etxeko hondakinez gain, inausketa eta belar mozketako hondakinak jasotzera bideratu ditu udalak guneok.

Hondakin organikoen bilketa boluntarioa da. Hori bai, parte hartzen duenak zabor tasan %50eko jaitsiera du. Egun, Barrundiako hondakinak Gardelegira eramaten dituzte, baina 2025ean ezingo dituzte hondakin organikoak eraman zabortegira. «Gure ardura da hondakinen kudeaketa, eta urratsa egin dugu alde horretatik», esan du Jaime Ortiz de Urbina Barrundiako Ingurumen teknikariak.

Retorna elkartearekin harremanetan jarri dira Barrundian. Sistema horrekin, ontziak edukiontzira bota beharrean, jasotako dendara itzuliko lituzkete, eta, horren truke, diru pixka bat jasoko luke kontsumitzaileak. «Udal batek bakarrik ezin du hori aurrera eraman, baina presioa egingo dugu horren alde».

Asparreneko Udalak ere bat egin du konpostatzearekin. Bi sistema jarri zituen martxan 2014ko udan. Alde batetik, auzo konpostatzea bultzatu zuen. Oraingoz, Araiako auzo bakarrean dago; proba proiektua da, baina herri osora zabaltzeko asmo dute. Beste alde batetik, oilo zirinen konpostagailua dute. Instalazio horrek, auzokideen hondakin organikoez gain, oiloen hondakinak jasotzen ditu. «Konpostagailu arruntak bezala funtzionatzen du, baina haien hondakin organikoak bertara eramaten dituzten herritarrek oiloen arrautzak jasotzen dituzte bueltan», azaldu du Arkaitz Gobantes Asparreneko ingurumen teknikariak. Jasotako hondakinekin, inguruko zelaietarako konposta egiten dute. Arrakasta nabaria izan du oilo konpost guneak, eta zabaltzea hausnartzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.