Maixus Rekalde. Planifikatuta utzi zuen: egoitza batera

arantxa iraola
Oiartzun
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ezkongabea da Maixus Rekalde (Oiartzun, Gipuzkoa, 1934), seme-alabarik ez du, eta ilobengana jo zuen diagnostikoarekin: jada zaintza plan bat buruan zuela. Hiru ilobaren inguruan ardaztu ditu erabaki nagusiak, eta haien esku utzi zituen aurretiazko borondateen agiria —heriotzarako irizpideak ematen ditu, osasun arretara begira—, testamentua, eta bere diru kontuak-eta mugitzeko ahalak. Diagnostikoaren osteko une zail horietan ere, bizitza osoan erakutsi zuen «argitasuna» berretsi zuela diote ilobek. Erabaki bat ere argi zuen ordurako: «Zahar etxe batera joan nahi zuen: egoitza batera. Oso garbi zuen». Eritasuna diagnostikatu berritan, hainbat urte egin zituen oraindik bere etxean, oinarrizko zaintza sare batekin—familiarena, eta etxeko lanetan laguntzen zion etxeko langile batena—: bizi kalitate onean. Ohikoa zuen borrokarako senaz ere bai. Afagi elkartean, esaterako, kexua azaldu zuen ez zutelako euskaraz eskaintzen memoria lantzeko tailerrik, eta haren eskeari lotuta jarri zuten abian zerbitzua. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eredutzat hartu zuen Rekalderen aldarria, eta bideo bat egin zuen 2015ean eskabide horren gainekoekin.

Ekintza horrekin, konpromiso irmoko bizitza oso bat biribildu zuen Rekaldek. Eliza katolikoaren barruko erakundeetan —Txilen egin zuen aldi bat; Pinocheten estatu kolpeari buruzkoak gordin kontatzen zituen—, hedabideetan eta Elkarrin ibili zen, besteak beste. Ardura postuetan, gainera, usu: lehen lerroan. Betiere, «gizartean txertatutako» egitasmoetan oroitzen dute etxekoek. Ahaztuak ditu horiek guztiak orain. Oiartzungo Petra Lekuona zahar etxean dago gaur egun: gero eta urrunago, baina osasun onean oraindik. «Esaten du: 'Hara! Baina ni Ameriketan izana al naiz, ba?'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.