Gripalizazio aro betean

COVID-19aren aurkako estrategia berritu dute Hegoaldean. Atzotik, sintoma larririk izan ezean, positibo emandakoek ez dute bakartu beharrik

Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Beste koska bat malgutu dituzte COVID-19aren aurkako neurriak Hego Euskal Herrian: atzotik, positibo emandakoek ez dute bakartu beharrik, sintomarik ez badute edo sintoma arinak baldin badituzte. COVID-19aren kontrol eta zaintza estrategia moldatu zuten joan den astean Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek, zaurgarri diren kolektiboen zaintza leheneste aldera. Funtsean, COVID-19aren gripalizaziorako estrategia bat abiatu duten, eta, aurrerantzean, koronabirusaren jarraipena gripearen antzera egingo da. Hain justu, kontrol sistema ezartzeko jarraibideak Europan gaitzen kontrolaren ardura duen ECDC erakundearekin batera hitzartu dira, eta batera arituko dira herrialde guztiak.

Positiboen bakartzeari dagokio aldaketa nagusia: atzotik, bakartu beharrik ez dute asintomatikoek eta sintoma arinak dituztenek. Positibo direnek eurek artaz ibili beharko dute, besteak beste, harremanak murriztuz, zaurgarrienen inguruan egotea saihestuz eta maskara une oro etaegoki jantziz, baina kalera atera ahalko dira. Positiboen kontaktu estuek ere ez dute bakartu beharko.

Oro har, bakartzeak kentzera egin dute, salbuespen batzuekin: zentro soziosanitarioetan eta osasun zentroetan, beharrezkoa ikusten bada, bakartze neurriak ezarri ahal izango dituzte, kasuan-kasuan. Ohartarazi dute, hala ere, egoera epidemiologikoaren arabera egokituko dituztela neurriak.

Proba diagnostikoak ere ez dizkiete pertsona guztiei egingo, soil-soilik zaurgarriei: esaterako, adinekoei, immunoeskasia dutenei, haurdun daudenei eta gaixotasunen bat dutenei. Era horretan, pertsona zaurgarrienetan jarri nahi dute arreta eta zaintza, eta haiei bakarrik egingo diete jarraipen zorrotza.

Informazioa emateko modua ere malgutuko dute Hego Euskal Herriko administrazioek. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, astelehenean soilik argitaratuko ditu izurriari buruzko buletin epidemiologikoa eta txertoei buruzkoa. Nafarroako Gobernuaren asmoa ere hori da: unean uneko datuak bainoago, «astetik asterako joerak» erakustea. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu noiz ezarriko duten informazio eredu berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.