martxelo otamendi
ETAren desarmatzea. Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen adierazpena. Analisia

'Aldiketa' garaia

2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Alde askotatik da garrantzitsua atzo Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak Bilbon egin zuen agerraldia; eta, bereziki, adierazi zutena. Hasi da armagabetzea, eta ETA eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordea ados daude, mamian eta erritmoan. Hori ondorioztatu beharko genuke prentsaren aurrean egin zuten adierazpenaren tonua ikusita.

Armagabetzea hastea garrantzitsua da, aro baten aldaketa dakarrelako.

Azken bi urteotan, behin baino gehiagotan adierazi du ETAk prozesuan pausoak emateko borondatea, eta hori esatearekin batera, beste alde eta eragileei jarrera bera edukitzeko eskatu izan die.

Borondatea eta jarrera adierazteko alditik borondatea egitate bihurtzeko, gauzatzeko aldira igaro da ETA, atzo Bilbon egiaztatzaileek esan, eta erakutsi, zigutenez.

Besteei mugi daitezen eskatzeko orduan, arrazoiz edo, nahiago bada, egitatez kargatu da ETA. Pausoak ematea da borondatea erakusteko modurik argi eta eraginkorrena, eta hori egin du ETAk. Ulergarria da, oso ulergarria, herritar askok kezka agertzea atzo erakutsi zigutenaren pisuaz, mahai gainean ikusi genuena ETAk gordeta daukan materialaren zati txiki bat delako. Lehen pausoa izan da, sinbolismo handiarekin egindakoa, atzetik beste batzuk izango dituena.

ETAk eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bakarrik dakite noiz eta zenbateko materialarekin egingo diren hurrengo armagabetze eta egiaztatze saioak. Denboren kudeaketa zaila edukiko dute, seguru aski, prozesu hauek, baina nago ni atzo bezalako pozaldiak bizi nahi dituela herritar askok hurrengo denbora laburrean.

Atzo entzundakoak bi agente horien artean konfiantza giroa dagoela erakusten du, eta hori ezinbestekoa da bestela ere arazoz josita dagoen prozesuan.

Aldien aldaketa garai honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek pentsatu behar dute ezin dutela segitu ezer gertatu ez balitz bezala, beti ezezko iraunkor eta aldaezinean.

Atzokoa bezalako urrats gehiagok erraztu beharko lukete bi gobernu horien jarrera aldatzeko ezinbesteko den akordioa, Euskal Herriko era guztietako eragileen artean egin beharko litzatekeena, alderdikeriak eta errentagarritasun kalkuak alde batera utzita.

Herritar askok atzo bezalako asko eta astunagoak nahi dituzte, baina baita ere mugitu nahi ez duten gobernuak mugitzera behartuko dituzten jokabide sendo eta bateratuak.

Arduraz jokatzeko garaia da, denok, nork bere eginkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.