ARGI ALDIAN

Ordenagailu kuantikoak, ate joka?

Gorka Azkune - EHUko Informatika fakultateko ikerlari eta irakaslea

2019ko azaroak 1
Azken egunetako berri zientifiko-teknologiko entzutetsuena, ziur aski, Google-k aldarrikatu duen nagusitasun kuantikoa da. Baina, zer da hori? Hitz gutxitan azalduta, Google-k dio beraiek eraki duten ordenagailu kuantiko batekin arazo konkretu bat askatu ahal izan dutela minutu batzuetan, egungo super-ordenagailu ahaltsuenak milaka urte beharko lituzkeen bitartean. Egia da pare bat egun geroago IBM-k erantzun zuela, esanez beraien super-ordenagailu batean bi egun eta erditan askatu zutela arazo hori bera, halako polemika bat sortuz. Baina badirudi komunitate zientifikoan adostasuna nagusitu dela: Google-k lortu duena aurrera pauso garrantzitsua da.

Ordenagailu kuantikoak paradigma aldaketa bat dakar konputazioaren mundura. Guk gaur egun erabiltzen ditugun ordenagailuak klasikoak direla esan ohi da (harrigarria da teknologian klasiko hitza zeinen azkar jartzen den). Ez zaharrak direlako, baizik eta beraien konputazioa fisika klasikoan oinarritzen delako. Xehetasunak alde batera lagata, gure ordenagailuek informazioa kodetzeko bit kontzeptua erabiltzen dute. Bit batek bi balio har ditzake: 0 ala 1. Zenbakiak, orain irakurtzen ari zaren hitzak, irudiak eta zure ordenagailuaren bidez ikusi eta tratatzen duzun informazio guztia bit horiekin errepresentatzen da. Ordenagailu kuantikoek, ordea, qubit-ak erabiltzen dituzte (quantum bit ala bit kuantikoak). Badakit oso arraroa dirudiela, baina qubit batek 0 eta 1 egoeren arteko edozein gainezarmen errepresenta dezake. Ez da bi balioetara mugatzen bit klasikoa bezala. Eta horrek ahalmen izugarria ematen dio. Egiari zor, ordenagailu kuantikoek beste efektu kuantiko bat ere probesten dute beraien ahalmen handia lortzeko: elkargurutzaketa. Nolabait pentsa genezake bi partikulak elkarrekin harremanen bat izan badute lehenaldian, orain beraien egoerak lotuta daudela. Ondorioz, partikula batean egiten ditugun aldaketek beste partikulan ere badute eragin bat.

Kontua da gure ordenagailu klasikoek ez dutela ez gainezarmen ez elkargurutzaketarik. Jada 1990eko hamarkadan hasi ziren fisikari batzuk bi propietate horiek konputaziora aplikatzen, eta erakutsi ziguten gure ordenagiluentzat oso-oso nekezak ziren hainbat arazo azkar batean aska zitezkeela ordenagailu kuantiko bat edukiz gero, hots, gainezarmena eta elkargurutzaketa kontuan hartuz gero. Garai haietan, makina haiek imaginazio hutsa ziren. Denbora, ordea, ez da alferrik pasatzen. Azken urteetan enpresa handiak sartu dira ordenagailu kuantikoen ikerketan, hala nola Google edo IBM. Horren ondorioz, garapena asko azkartu da. Aspaldian hainbat prototipo ikusi ditugu, baina egun hauetan Google-k aurkeztu duena izan da benetako saltoa eman duena.

Beraz, esan daiteke jada ordenagailu kuantikoak ate joka ditugula? Ez, oraindik ez. Ignacio Cirac fisikari handiak zioen bezala elkarrizketa batean, Google-k egin duena bere garaian Wright anaiek egin zutenaren antzekoa da. Haiek lehen aldiz lortu zuten hegan egiten zuen aparatu bat eraikitzea. 260 metroko hegaldi bat egitea lortu omen zuten 1902. urtean. Izugarrizko arrakasta, zalantzarik gabe. Baina lehen hegaldi komertziala ez zen posible izan 1914. urtea arte. Orain ere antzeko egoeran gaude. Google-n ordenagailu kuantikoak arazo bat askatu ahal izan du, baina oraindik oso urrun geratzen da gure egunerokoan erabilgarri izango den eguna. Arazo zientifiko eta teknologiko asko geratzen dira balizko ordenagailu kuantiko ahaltsu hori eraikitzeko. Hala ere, emandako pausoa oso garrantzitsua izan da eta bere ondorioak potoloak izango dira.

.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna