Helmut Kohl

Alemania bateratu zuen kantzilerra

Kohlen ospe politikoa gain behera zihoan 1989an, baina ziztu bizian suspertu zen Berlingo Harresia erori ondoren, eta herrialdearen bateratzeari lotuta gelditu da haren izena. Atzo hil zen, 87 urterekin.

DANIEL BISKUP / EFE.
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Batasunari, justiziari eta askatasunari buruz da hau. Bizi bedi Alemaniako aberri askea, bizi bedi Europa aske eta batua». 1989ko azaroaren 10ean, Helmut Kohl Alemaniako Errepublika Federaleko kantzilerrak Mendebaldeko Berlingo herriko etxeko balkoitik egin zituen adierazpen horiek. Bezperako arratsean Ekialdeko Alemaniako milaka herritarrek Berlingo Harresia bota zuten, eta, praktikan, Alemania kapitalistaren eta sozialistaren arteko muga hautsi zuten. Urtebete geroago, Alemaniako Errepublika Demokratikoa desegin zen, eta estatu sozialista ohiak bat egin zuen Mendebaldeko Alemaniarekin. Alemania batuak hauteskundeak egin zituen 1932tik lehenbiziko aldiz, eta Kohl hautatu zuten kantziler. «Ez dut Alemaniaren batzea baino gauza hoberik harro egoteko», adierazi zuen 2009an. Atzo zendu zen, 87 urterekin, jaioterrian bertan, hego-mendebaldeko Ludwigshafen hirian.

Kohl 1930ean jaio zen, familia katoliko eta kontserbadore batean. 15 urte zituela bukatu zen II. Mundu Gerra, eta hirian aliatuen bonbardaketak bizi izan zituen. Kohlek erran zuen «berandu» jaio izanak «salbatu» zuela nazismoarekin zerikusia izatetik. 17 urterekin, CDU Batasun Kristau-Demokratako kide egin zen.

1973an CDUko buruzagi izendatu zuten, eta 1982an baliatu zuen boterea hartzeko abagunea, Helmut Schmidtek konfiantza mozioa galdu ondoren. Gerra Hotz betea zen, eta Ronald Reagan AEBetako presidentearen eta Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroaren Iraultza Kontserbadorearen aroa. Thatcherrekin ez zuen bereziki harreman ona izan, baina ongi moldatu zen Reaganekin, eta bat egin zuen haien babespean martxan paratu zen olatu neoliberalarekin. «Irmo sinesten dugu ekimen askea eta norbanakoaren lorpenak estatuaren kontrola baino hobeak direla guztiontzat». Bat egin zuen Reaganek SESB Sobietar Errepublika Sozialisten aurka zuen ikuspegi gogorrarekin, baina, aldi berean, ekialdeko Europako estatu komunistekin harremana izaten saiatu zen. Erich Honecker Alemania sozialistako presidenteari harrera egin zion Bonnen, Mendebaldeko Alemaniako hiriburuan, 1987an.

Bukaera politiko iluna

Kohlen politika ekonomikoek huts egin zuten, ordea. Langabezia anitz hazi zen Mendebaldeko Alemanian 1980ko hamarkadan, eta kantzilerraren ospea lurra jotzekotan zen. Baina ezusteko gertakari batek protagonista bihurtu zuen, eta bertze zortzi urtean eutsi zion kantziler karguari. Berlingo Harresia erori ondoren, Frantzia, Erresuma Batua eta, bereziki, SESB konbentzitzeko lan egin zuen Alemania bateratua onar zezaten, eta boto emaileek 1990eko hauteskundeetan saritu zuten Kohl. «Herri askeek zailtasun ekonomikoak izaten dituzte, noski», adierazi zuen bozak irabazi berritan, Ekialdeko Alemania izan zenari gainera zetorkiona iragarriz. Alemania bateratu eta lidergoa sendotu ondoren, bertze helburu handian finkatu zuen arreta: Europa batzeko proiektuan. «Banekien euroa sartzeko erreferendum bat egin izan banu galdu eginen nuela», aitortu zuen 2002an egindako elkarrizketa batean.

1998an hauteskundeak galdu zituen, eta alderdiaren buruzagitza utzi zuen ustelkeria auzi baten ondorioz. 2000. urtean, alderdiko ohorezko buruzagitzatik ere kendu zuten. Alemaniaren bateratzailearen mitoak modu ilunean utzi zuen politika. 2008an istripu bat izan zuen, eta, ordutik, etxean eman zuen denbora gehiena, arreta mediatikotik urruti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.