Hondurasko bozetan iruzurra egon delakoan, istiluak piztu dira kalean

Nasralla hautagaiak «tranpak» salatu ditu, eta iragarri du ez dituela emaitzak aitortuko. Botoen %90 zenbatuta, Hernandez jarduneko presidentea puntu bakarrarengatik zegoen aurretik
Salvador Nasralla hautagaiaren jarraitzaileek protesta egin zuten, atzo, Tegucigalpa hiriburuan.
Salvador Nasralla hautagaiaren jarraitzaileek protesta egin zuten, atzo, Tegucigalpa hiriburuan. GUSTAVO AMADOR / EFE

Igor Susaeta -

2017ko abenduak 1
Joan den astelehenean, botoen %60 kontatuta zeudela, bazirudien Salvador Nasralla —Manuel Zelaya presidente ohiak babestutako oposizioko hautagaia— izango zela Hondurasko presidente berria. Diktaduraren Aurkako Oposizioko Aliantza alderdikoak bost punturen aldea ateratzen zion Juan Orlando Hernandez jarduneko presidenteari. Herenegun iluntzera arte ere aurretik zihoan. Baina joera aldatu zen, eta Hernandezek aurrea hartu zion. Hori ikusita, garaipena «lapurtu» nahi diotela, iruzurra egon dela salatu zuen, eta bere jarraitzaileei eskatu zien atera zitezela kalera «emaitzak defendatzera». Atera ziren, eta Tegucigalpa hiriburuan istiluak egon ziren atzo, horien eta segurtasun indarren artean. Ez dago hildakorik, baina badaude zaurituak.

Edizio hau ixterakoan, Hauteskundeetarako Auzitegi Gorenak botoen %90 pasa zituen kontatuak —Euskal Herrian baino zazpi ordu gutxiago dira Hondurasen, eta hemen gauerdia zenean ziren emaitzak jakinaraztekoak —, eta Hernandez puntu bakarrarengatik zihoan Nasrallaren aurretik: %42,6 aurrenekoak, eta %41,6 bigarrenak. Istiluak direla eta —negar gasarekin desegin zituzten protestak—, David Matamoros Goreneko presidenteak prentsa agerraldia egin zuen, eta adierazi asteazken gauean botoen kontaketa eten zutela, Nasrallaren jarraitzaileak auzitegiaren egoitzara sartzen ahalegindu zirelako. «Arduratuta» dago herrialdean gertatzen ari denagatik, eta «bandalismo» ekintzarik ez egiteko eskatu zien Matamorosek Nasrallaren jarraitzaileei. Agerraldia baliatu zuen, gainera, alderdiei beraiei ere belarrietatik tira egiteko: «Ez diote boto kopuruari erreparatzen, portzentajeari baizik». AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak eskatu du aktak berrikusteko.

Dena dela, kontaketa motela izaten ari denez, auzitegiaren jarduna kritikatu dute bai nazioarteko behatzaileek eta bai Honduraseko erakundeek. Horrek eragin du tentsioa, eta horrek eraman ditu protesta egitera Nasrallaren jarraitzaileak.

Oposizioko hautagai nagusiak akordio bat sinatu zuen, eta, horren arabera, emaitzak aitortzeko konpromisoa hartu. Baina «tranpa» egon dela iritzita, akordioa haustea erabaki du. Hernandez Alderdi Nazionalekoak ere sinatu zuen, eta eutsi dio. «Lasai» dagoela nabarmendu zuen.

Bi diktadura garaietan kenduta, XX. mende hasieratik boterean txandakatu dira Alderdi Nazionala eta Alderdi Liberala. Zelaya ere liberala zen presidente garaian, baina haren ezkerreranzko joerak militarren matxinada eragin zuen, eta estatu kolpe batekin kendu zuten kargutik.

Hernandez 2014tik da presidentea, eta, estatuko konstituzioari kontra eginez, hura izan da bigarren agintaldi batera aurkeztu den lehen presidentea. Izan ere, Auzitegi Gorenak 2015ean haren alde emandako epai batek bidea ireki zion.

Nasrallaren jarraitzaileei «legez kanpokoa» iruditu zaie ebazpen hura. Reinaldo Sanchez Alderdi Nazionaleko idazkari nagusiarentzat, ordea, «interesak» daude, «bai Hondurasen eta baita nazioartean ere», hondurastarren borondatea «aldatu» nahi dutenak. Hango hainbat adituk «nazioarteko ikuskaritza bat» exijitu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna