Euskal letren nazioartekotzeak 25 urte (II). Mende laurdeneko ibilbidea

Itsasoratzearen argiak eta itzalak

25 urte joan dira Atxagak nazioarteko zirkuiturako zirrikitua zabaldu zuenetik, baina kritikari eta idazleen hitzetan, oraindik ere estua da bide hori, eta bakanak dira merkatu zabalera heltzea lortzen duten euskal idazleen lanak.

Literatur kritikari eta idazleen hitzetan, egun ere maiz azalean musker baten irudia ageri duen Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua da kanpoan gehien ezagutzen duten euskal literatura lana. BERRIA / BERRIA.
Inigo Astiz
2013ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Idiliorik ez. Ez irudikatu, beraz, zelai eguzkitsurik, mende laurdena ez baita izan nahikoa malkarra higatzeko, eta malda da egun ere lehen malda izandakoa. Orain 25 urte zabaldu zuen lehen arrakala Bernardo Atxagak Obabakoak liburua argitaratuta, eta igaro da denbora euskal literatura nazioartekotze bidean hasi zenetik. Baina ez irudikatu zelairik. Malkarra izango da hemendik aurrerakoa ere. Izan ere, zorrotza da Atxagak berak orain gutxi egindako diagnosia. «Ingelesez aritzen ez diren idazle guztiek ikusgarritasun arazo bat dute. Gutxi hitz egiten da kolonialismoaz, baina gure kolonizazio gradua ikaragarria da, jateko dugun moduan, bidaiatzeko dugun moduan, eta baita irakurtzeko dugun moduan ere. Bere hedapenagatik, botereagatik, industria kulturalagatik, aberastasunagatik, ingelesezko literaturak gero eta zentraltasun handiagoa dauka». Eta ezin balorazio baikorregirik egin. Bakanak izan dira olatu orokor horren kontra nazioartean leku bat lortu duten euskal idazleak, eta estua da oraindik ere lehen estua zen pasabidea. 25 urteren ostean, Obabakoak da kanpoan oihartzunik handiena duen lana, eta 25 urteren ostean bakarka egin behar izaten du idazle bakoitzak nazioarterako bidea. Maldan. Kanpoan ere, ditxosozko galdera gainetik erabat kendu ezinik: «Zergatik idazten duzu euskaraz?».

Erdi beteta batzuetan, erdi hutsik besteetan. Bi ikuspegi horien artean omen dabil Estibalitz Ezkerra literatur kritikaria. Baikortasunaren eta eszeptizismoaren mugan. Urteak daramatza AEBetan literatura ikasi eta irakasten, eta, dioenez, 25 urteren ostean, oraindik ere Atxaga da unibertsitateetan irakasten den euskal egile bakarra. Eta horregatik zalantza. «Batzuetan, baikor nagoenetan iruditzen zait aukerak baditugula: nazioarteko merkatuan euskal literatura present dagoela, eta euskal poeta eta idazleen presentzia nahi dutela jaialdietan. Baina eszeptiko nagoenean, iruditzen zait izen jakin batzuk bakarrik nahi dituztela, eta euskalduntasunari buruz oraindik badirela aurreiritzi batzuk». Argi du euskal literaturak aurrera egin duela, baina argiekin batera, itzalak ere aipatzen ditu.

Exotismo egarria da nagusi nazioarteko merkatuan. Hori igartzen omen du Ezkerrak, behintzat, inguru anglosaxoian. Horren bila jotzen dute euskal literaturara. Eta horren bila Obabara. Kritikariak argi du ez zela hori idazlearen helburua, eta hori baino askoz gehiago dela liburuak eskaintzen duena, baina horixe da, halere, irakurleek aurkitu nahi dutena. Exotismo hori.«Obabakoak-en badago landa mundu bukolikoaren laudorio bat, baina baita kritika bat ere. Atzerrian, ordea, nagusiki laudorioari erreparatu diote. Eta hori da nazioartean euskal nortasuna: industrializazioa aurreko baserri mundu mitologiko hori. Eta horregatik, nazioartean euskal literatura saldu nahi duzunean, Obabakoak revisited moduko bat da eskatzen dizutena». Harkaitz Canorekin gertatutakoa aipatzen du frogatzat. «Renoko Unibertsitateak kaleratu zuen haren ipuin bat, eta kritika egin zioten TheNew York Times-en. Aipatzen zutenez, narrazio horietariko batzuk ez ziren benetan euskal, eta anglosaxoitzat har zitezkeen».

Bakarkako lana

Burbuila literario moduko bat egon ote den. Susmo hori du Kirmen Uribek. Berak zerbait igarri duela lehertzen, behintzat. Bera da azken urteotan nazioartean oihartzunik handiena izan duen euskal idazleetariko bat, eta dioenez, krisi sakonean dira, egun, orain arte martxan izan diren hedapen tresnak. Krisian literatur agenteak. Krisian hedabideak. Eta krisian nazioartekotzeko bideak ere. Baina, dioenez, bada gauza argi bat: exotismoarenak ibilbide motza duela, eta kalitatea dela ezinbesteko osagaia. Kalitatea, eta lana. «Nik hautua egin nuen literaturaz bizitzeko, eta aukera daukat bidaiak egin eta argitaletxeekin egoteko. Baita horrek sorkuntza orduak kenduko badizkit ere. Lan hori egin behar da».

Atxagaren lanak egindako bideak lagundu ote dion? Ezetz dio Uribek. «Ez nuke esango Obabakoak-en esperientziak nire lanen nazioartekotzea erraztu duenik. Inolaz ere ez. Kasu askotan ni ere oso bakarrik ibili naiz. Are gehiago: Obabakoak-en garaian, agian, errazagoa zen nazioartekotzea. Esparru horietara heldu zen lehen euskarazko lana izan zen Atxagarena. Eta Obabakoak liburuak, liburuaz gain, hizkuntza bat ere erakusten zuen kanpoan. Baina bide hori gero itxi egin da, eta liburu haren ondoren oso zaila izan da kanporako bidea. Literatura bai erraztu digu belaunaldi horrek: Bernardo Atxagak, Ramon Saizarbitoriak, Anjel Lertxundik, Iñigo Aranbarrik, Koldo Izagirrek, Jokin Muñozek.... Haiei esker badugu hizkuntza literario bat, sistema literario bat, baditugu argitaletxeak, irakurleak... Baina kanpora begira, ez dut uste esperientzia horrek bidea askorik erraztu digunik».

Tarteko gune batean ikusten du euskal literatura Ramon Saizarbitoria idazleak. Ez erabat garatuta, baina ezta erabat hasi berritan ere. Bi muturren arteko punturen batean. Zenbait gaixotasunen iraupenerako tarterik txarrenean, zehaztu duenez. «Herrialde garatuetan bada higiene egoki bat izateko eta txertoak erosi ahal izateko nahikoa diru. Eta garatu gabeko herrialdeetan autoimmuneak izaten dira. Tartean diren herrialdeetan dago zenbait gaixotasunen iraupenaren arazoa. Garapenaren eta azpigarapenaren kalte guztiak izaten dituztelako. Euskaldunok ezagutzen dugu zer den garapenaren eta azpigarapenaren artean ibiltze hori, eta hori gertatzen da euskararekin ere. Azpigarapenaren gaitzak baditugu, eta aberatsen gaitzak ere bai». Eta hori da literaturaren nazioartekotzeari ikusten dion koska. Horrek ematen dio beldurra. Garapenarekin txikitasunaren alde onak ere desagertuko direneko zalantza horrek. Merkatuaren legeei jaramonik egin gabe sortu ahal izateko askatasuna galtzeak.

Kasu jakin bat ere aipatu du sintoma modura. Beste idazle bati entzundako esaldi bat. «Bere pertsonaien izenak hautatzerakoan, izen horiek gazteleraz nola funtzionatuko duten pentsatzen duela aitortu zidan behin. Eta harrituta gelditu nintzen. Pentsatu nuen: ostia!».

Madrilen zentraltasuna

Kritiko mintzo da Ezkerra ere. «Madriletik eta gazteleratik pasatu behar duzu nazioartera heltzeko, agente literario eta itzultzaile gehienek ez baitakite euskararik». Eta ez soilik agente eta itzultzaileek. Dioenez, badira euskararik jakin gabe euskal literatura irakasten dabiltzan unibertsitateko irakasleak ere. «Niri kuriosoa eta ironikoa iruditzen zait azken bost-sei urteetan akademian sortu den mugimendu ustez anti-kolonialista. Ikasteko Hispanikoak zirenak, Ikasketa Iberikoak bilakatu dituzte orain, erakusteko Iberiar penintsulan hizkuntza ezberdinak daudela, baina, halere, jarraitzen dute kanon berbera sustatzen. Eta jarraitzen dute Madril inperioaren erdi-erdian jartzen. Oraindik ere han erabakitzen dute zer den kanona eta zer ez. Madrilgo sariek erabakitzen dute zein den nazioarteko kanonetan sartuko den idazlea. Eta tranpa bat iruditzen zait horregatik Ikasketa Iberikoen kontzeptu hori, lehengo estrategia bera erabiltzen jarraitzen dutelako orain ere». Eta Ipar Euskal Herriko idazleak bazter uzten ditu horrek, noski. Hori da Ezkerrak sumatzen duen giroa.

Halako bat entzun zion orain gutxi Ikasketa Iberikoetako irakasle bati. Euskara irakatsi eta irakurri ahal izateko euskara jakin beharrik ez zegoela esan zion. «Akademiko batek hori esatea ez da onargarria. Zure irakasgaietan Atxaga, Uribe edo Cano sartzen dituzunean, eta haiek euskaraz irakurri beharrik ez duzula iruditzen bazaizu, hori krimen bat da. Ingelesarekin ezin duzu halakorik egin; zergatik bai euskararekin ? Hizkuntza minoritarioa delako. Eta hori bultzatzen da Madrildik. Ez dela euskara jakin beharrik euskal letrez aritzeko».

Tramitezko euskara

Eta muturtze bidean da joera hori, Saizarbitoriaren iritziz. Euskaraz argitaratzea tramite bilakatze bidean dela. «Benetako epaia heldu bitarteko pauso bat baino ez». Horregatik omen da uzkur aldaketekiko. Txikitasun hori galtzea galera handia iruditzen zaiolako berari. «Berez ona da arazo hau», onartu du. «Fenomeno ona da, berez, eta garapenaren erronka horri aurre egin beharko zaio. Baina argi dago onetik bakarrik ez digula ekarriko».

Obabakoak lanak eta Bernardo Atxagaren profesionalizazioak bi aro banatzen dituela uste du Saizarbitoriak. Mugarri dela. «Lehena izan da horretan Atxaga, eta estilo bat markatu du. Eta, gainera, eutsi egin dio bai hemen eta bai kanpoan funtzionatzeari. Ikusi egin beharko da jende gehiago agertzen joan ahala haiek ere eutsiko ote dioten horri. Atxaga bi munduetan eroso dabil. Baina ez dakit hori izango ote den datozen idazleen kasua».

Bihar: Nazioartekotzearen osteko idazle belaunaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.