Euskal letren nazioartekotzeak 25 urte (I). 'Obabakoak'-en agerpena

Sehaska kanta baten mapa

Orain 25 urte kaleratu zuen Bernardo Atxagak 'Obabakoak', eta orduan hasi zen euskal literaturaren nazioartekotzea. Efemeridea abiapuntu hartuta, lau artikulu eskainiko ditu BERRIAk gaurtik ostiralera bitarte.

Bernardo Atxaga idazleak Soinujolearen semea liburuaren argitalpenerako Obaba izeneko fikziozko herria erakusten zuen maparen irudia. BERNARDO ATXAGA / PAMIELA.
Inigo Astiz
2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bilbon, 80ko hamarkada hastear. Magnetofono bat erosi berri du Joseba Irazuk, eta probatu egin nahi du. Horregatik, zerbait kantatzeko eskatu dio apopilo etxearen ugazabari. Proba bat baino ez dela, eta abesteko zerbait, edozer. Eta hor dator sorpresa. Irratian entzundako modako kantaren bat espero du Irazuk, kanta arrunten bat, baina ez. Jartzen du martxan magnetofonoa mutilak, eta sehaska kanta bat abesten dio Zeanuriko emakumeak. «Obabatxue, Obabatxue/ Obabatxue, beilegi/ sein honek aita dirudi/ ikisiko dau dantzan ondotxu/ aitagana emon baleki». Orduan entzuten du lehenengoz Obaba Irazuk. Hor aurkitzen du Obaba Bernardo Atxaga idazleak. Eta doinu horrekin hasiko da euskal literatura Euskal Herriko mugetatik kanpo iratzartzen. Sehaska kanta horrekin. 1988an kaleratutako Obabakoak ipuin bildumaren eskutik. Orain 25 urte, zehazki. Efemeride hori abiapuntu harturik, euskal letrek nazioartean egindako bideari buruzko artikulu sorta bat argitaratuko du BERRIAk gaur hasi eta ostiralera bitartean.

Paisaia deskribatzen du lehenik Mari Jose Olaziregi literatur kritikariak: «Bira bat egon zen 80ko hamarkada erdialdetik aurrera narratibagintzan. Gune urbanoetatik landa ingurura pasa zen». Eta adibideak aipatzen ditu gero, zerrendan: Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez (1983), Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak (1982) eta Babilonia (1989), Pako Aristiren Kcappo, tempo di tremolo (1985), Irene, tempo di adagio (1987) eta Krisalida (1990)... «Liburu horien guztien estetika ez da errealista. Nobela beltzaren eragina igartzen da, adibidez, batzuetan, eta, batez ere, Hego Amerikako literaturaren eragina. Fantasia hori. Eta garai batean euskal nazionalismoaren bastioi izan zen kostunbrismoa ere irauli egiten da. Landa giroa jadanik ez da landa giro idilikoa: gatazkak daude, hilketak, izugarrikeriak...». Eta paisaia horretan sortzen da Obaba, Olaziregiren hitzetan. «Lan bakana» bai, «mugarri bat» baita ere, baina ez bakarrik sortutakoa, halere.

Espainiako Literatur Saria

Best seller bilakatuak ziren aurrez ere Atxagaren lanak, Olaziregik aipatu duenez. Euskarazko best seller, baina best seller, halere. Aurrez idatzitako lanak ezagun ziren garai hartan sendotzen zihoan euskaltegi sarean, eta arrakasta bat bazuten Ziutateaz (1976), Etiopia (1978) eta Bi anai liburuek (1985). Bazuen itzal bat eta ibilbide bat Atxagak Obabakoak kaleratu zuenerako, eta ezaguna zen Obabako mundua ere. Obabakoak-en zetozen ipuin batzuk, gainera, aurrez argitaratuta zeuden. Baina, halere, bada berrikuntza esanguratsu bat liburuan: egiturarena. Eta garrantzitsua da hori, Olaziregik dioenez. «Narrazio testuinguru emaile bat sortu zuen, Mila eta bat gau eta gisako bildumen tradiziotik zetorrena. Eta ipuinen berrirakurketa bat proposatu zuen horrekin, eta baita literaturaren gaineko gogoeta bat ere. Atxaga jostari eta esperimentala zen hor ageri zena. Eta oso nobela osoa izan zen horregatik. Lurrikara moduko bat».

Eta Espainiako Literatura Saria heldu zen gero, 1989an. Eta hor lortu zuen bultzada liburuak. Hor anplifikazioa. Obabakoak izan zen sari hori lortu zuen lehen euskarazko lana. Gehiago heldu ziren gero, baina Atxagarena izan zen lehena. Aitzindaria, aurrez halakorik sekula gertatu ez zenean. Liburuak giroa alde izan ote zuen? Jon Kortazar literatur kritikariak baietz dio, «momentu batean bai». Eta azalpen sakonagoa gero: «Garai hartan baziren Victor Garcia de la Conchak sortutako mugimendu batzuk. Garcia de la Concha egun Cervantes Institutuko burua da, eta lehen izan zen Real Academia de la Lenguako burua. Hark eratu zuen galiziar, kataluniar, euskaldun eta espainiarren bilkura bat Salamancan. 1950eko hamarkadan Salamancan egin ziren gisa horretako beste bilkura batzuk ere gogoratuz. Eta han izan zen Atxaga. Eta Garcia de la Conchak Verinesko topalekuak ere antolatu zituen (Asturiasen). Han Salamancako unibertsitateak etxe bat dauka, eta han egin ziren idazleen eta kritikarien topaketak. 1984 edo 1985ean izan ziren lehen saio haiek, eta han Atxagak ikaragarrizko arrakasta lortu zuen. Han hasi zen Atxagari buruz eta haren lanari buruz hitz egiten».

Desagertutako munduak

Gaiak ere lagundu omen zion. Kortazarrek dioenez, Obabakoak argitaratu zen garaian bazegoen haurtzaroaren berreskurapen asmo bat literaturan. Bogan zegoen gaia. Eta adibideak ere aipatu ditu bere ustea frogatzeko. Atxagaren lanarekin batera, Espainiako Sarirako hautagaien artean zen Jesus Moncadaren Cami de Sirga liburua, adibidez. «Moncadak haurtzaroan ezagutu eta gerora urtegi batek urpean utzi zuen herri bati buruzkoa zen eleberria. Galdutako mundu bat deskribatzen zen». Alegia, bazegoela gai horietarako joera bat.

Eta ez hori bakarrik. Kritikariak dioenez, Jorge Luis Borgesen aurkikuntza eta Julio Cortazarren ipuingintzaren aldarrikapena ere garai bertsuan heldu ziren. Eta bultzatu egin zuen horrek Atxaga. Eta testuinguru politikoak ere trabarik ez. «1982an sozialistak heldu zirela boterera Madrilen, eta orduan autonomien estatua indartzen ari zirela, neurri batean», azaldu du Kortazarrek. Beraz, berriz ere baietz. Alde zuela haizea. Baina liburuak bestela ere bazuela hainbesterako meriturik. Eta baietz Olaziregik horri ere. Mugarri bat izan zela Obabakoak Euskal Herrian. Eta kalitate hori igarri zutela kanpoan ere.

Olaziregik aipatu du hedapen horren klabea: zerbait ezaguna, eta zerbait ezezaguna eskaintzen zion liburuak kanpoko irakurleari. Zerbait propioa, eta zerbait exotikoa. Biak, aldi berean. «Intertestualtasun basatia du lanak», dio kritikariak, «eta edozein irakurle europarrek identifikatu zitzakeen testuan bere zatitxoak. Irakurleak bazekien ipuin haietan bazegoela Faulkner, Cortazar, Stevenson... Irakurleak hor identifikatzen zuen ondare unibertsal mendebaldeko bat, eta era berean aurkitzen zuen zerbait erabat arrotza zuena. Izenburua mantendu egin zuen beste hizkuntzetan ere. Eta buruhauste ederrak ekarri zizkion horrek hainbat kritikariri. Etxeparek lehen euskarazko literatur liburuaren titulua latinez jarri zuen: Lingua vasconum primitiae. Atxagak testua itzultzen du, eta euskaraz mantentzen du izenburua». Eutsi egin ziola magnetofonoan grabatutako doinu hari.

Baina badira analisi kritikoagoak. Joseba Gabilondo literatur kritikariarena, esaterako. Baietz dio hark ere, baina baita ezetz ere. Onartzen duela liburuaren eragin soziologikoa, baina zalantzan dela kalitatea. Edo, behintzat, ez du hainbeste azpimarratzen. Orain hilabete gutxi argitaratutako New York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz liburuan dator haren iritzia: «Beraz, 'kalitatearen izenean', eta bestelako eleberririk argitaratzen ez duen artean, Atxaga XX. mendeko idazle eta fenomeno soziologikotzat jo behar dugu: obra bakarrekoa (Obabakoak) eta bakar hori garrantzi soziologikokoa batik bat —euskal literaturaren autonomizazioari ematen baitio hasiera».

Eragin negatiboak

Ez datoz bat iritzi horrekin Kortazar eta Olaziregi. Diotenez, zabala da liburuaren kalitateari buruzko kontsentsua. «Kalitateagatik, liburu hura izan zen gertakizun literario bat», esan du, labur, Kortazarrek. Luzeago mintzatu da Olaziregi: «Literarioki izan da euskal literaturako liburu zirraragarrienetariko bat. Eta ez dut nik bakarrik esaten. Juan Mari Torrealdaik 1997an kaleratutako Euskal kultura gaur lanean ere hori esan zuten idazleek. Gehien eragin zien liburuaz galdetu zien kazetariak egileei, eta jasotako erantzunen artean Obabakoak izan zen gehien aipatu zutenetariko bat».

Baina ez da literatur kalitateari buruzkoa soilik Gabilondok bultzatu nahi duen eztabaida. Urrunago doa haren kritika, eta Atxagaren lanak eragin «negatiboak» izan dituela dio bere liburuan.Exotizatu egin duela Euskal Herria. «Atxaga izan da hein handi batean euskal literatura Espainiako sistemaren menpe ezarri duena eta, menpekotasun horren ondorioz [Ur] Apalategik ondo esan duen bezala, bera bezalako idazleak 'escritores españoles de todo derecho' bihurtu dituena». Eta badago eztabaida. Izan ere, bada mende laurden Atxagak Obabako kontuak argitaratu, eta euskal literatura munduratzen hasi zenetik. Eta, beraz, bada nahiko denbora kanpoan egindako ibilbide horri argiak eta itzalak ikusteko. Magnetofonoan grabatutako sehaska doinu ederraz gainera, magnetofonoak egiten duen zarataz ere ohartzeko.

Bihar: Nazioartean egindako ibilbidearen argiak eta itzalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.