Albistea entzun

Euskal letren nazioartekotzeak 25 urte (III). Azken idazle belaunaldiak

Obabaren seme eta alabak

Lehenengoz lau idazle belaunaldi ari dira egun euskaraz idazten, eta profesionalizaturik ezagutu dute ofizioa azken biek. Baina horrek ez du esan nahi idaztea ogibide bilakatzea erraza izan denik haientzat.

Iñigo Astiz -

2013ko ekainak 13

Aurrez sekula ikusi gabekoa da argazkia: lau idazle belaunaldi elkarrekin. Guztiak batera, guztiak idazten. Are gehiago. 70eko hamarkadaz geroztik jaiotakoek beti ezagutu dute idazle profesionalaren figura. Eta horregatik ere bada mugarria Obabakoak, eta horregatik garrantzitsu Atxaga. Bada liburu horren aurreko garai bat eta liburu horren osteko beste bat. Eta bigarren garai horretan hazitako belaunaldiek martxan ezagutu dute aurrez sekula ikusi gabekoa zena. Funtzionatzen ezagutu dute euskarazko hezkuntza, sendoturik heldu zaie literatur hizkuntza, erderetan ikusi dituzte euskal letrak, eta profesionalizaturik irakurri dituzte euskal idazleak. Erreferente horiekin abiatu dute bidea. Historian lehen aldiz. Baina gauza bat da idazle profesionalak ezagutzea, eta beste bat da norbera idazle profesional bilakatzea. Eta aurreko belaunaldiek sentitutako neke bera sentitu dute hor. Neke bera, edo, sikiera, antzekoa.

Harkaitz Canok (Lasarte, Gipuzkoa, 1975) opari gisa jaso zuen liburua 14 urte inguru zituenean, baina ez zuen berehalakoan irakurri. Hilabetetan izan zuen etxean, baina ireki ere ez. Zergatik? «Ez zitzaidan titulu hura batere gustatu», dio. «Oskorriren In Fraganti diskoa asko entzuten nuen orduan, eta bazen kanta bat Obabatxue izenekoa, beti saltatu egiten nuena. Diskoko abesti lasaia zen. Eta horregatik ez zitzaidan titulua gustatu». Gero irakurri zuen, eta baita irentsi ere. «Liburu hori ez bada idazle egin nauena, ia-ia». Neurri batean, Obabaren seme dela, alegia. Eta behin eta berriz irakurri du geroztik. Behin eta berriz euskaraz. Eta gazteleraz ere bai gazteleraz atera zenean. Eta baita inglesez ere, baita garai hartan ingelesik jakin ez arren ere.

Eta horrek egin omen du idazle, zeren Canok idazle izan nahi zuen, eta erreferente argia aurkitu zuen Atxagarengan. Baina profesionaltasunak baditu bere itzalak, eta egun ere idazle den arren, Canok ez du bere burua idazle gisa aurkezten, «testu hornitzaile» gisa baizik. Berdina da egitekoa, baina garrantzitsua ñabardura. Neke baten erakusgarri.

Canok dionez, Atxagak erakutsi zion ofizioa. Atxagak, eta baita gehiagok ere. Eta zuhaitz genealogiko moduko bat marrazten du horregatik. «Asko ikasi nuen Atxagarengandik. Publiko aurrean egoteko modu hori, adibidez, baina haren ondorengo belaunaldiko kide batzuk ere izan ditut erreferente. Pako Aristi, adibidez. Bera izan zen ofizioa erakutsi zigun beste idazleetariko bat 90eko hamarkadan. Haiengandik jaso nuen bizibide baten bidea». Emulaziora jo omen zuen hasieran, eta aitortzen du bekatua. «Sariketa baterako nik neuk idatzi nuen liburu bat estrukturalki Obabakoak-en kopia txar baina saiatu bat zena». Emulaziora testuetan, eta emulaziora jende aurreko emanaldietan ere. «Txundigarria izan zen Atxaga ikustea Ostruka bati buruzko lezioa jokatzen lepo zegoen areto batean. Eta nondik dator hortik ez bada gero Lubaki banda, eta gure jende aurrean gauzak irakurtzeko joera hori?!».

Literaturaz gola sartzea

Baina Atxagak nazioartean egindako ibilbidea emulatzea, hori bai izan dela zaila. Magia trikimailu batez mintzo da Cano, kasik. «Ez nuke jakingo zehazten Atxagaren testuetan zer biltzen zen, baina bazegoen zerbait. Asmatu zuen landa mundu bat erakusten, eta haren alderdi magikoekin gainditzen kanpoan euskaldunengandik espero zitekeena, modu harrigarri eta berritzaile batean». Inprobisatu egin omen du azalpena, baina gutxi gorabehera hori da esan nahi duena. «Kanpoan beti dago espektatiba bat eta zaila da eskari horri zuk nahi duzun modu eta nahi duzun neurrian erantzun ahal izatea. Atxagak lortzen du. Topikoez edo aurreikus daitezkeen espektatiba horiez baliatu, eta gero bere golak atearen angelutik sartzeko erabiltzen ditu».

Ez dira hilabete asko Canok Twist eleberria gaztelerara itzuli duenetik, eta agian horregatik nabarmentzen du Atxagaren bertute hori bereziki. Izan ere, gai arantzatsua da Canoren eleberrikoa, eta beldur apur bat ere izan zion horregatik gaztelerazko itzulpenak izango zuen harrerari. Azken batean, fikzioaren ispilutik aritu arren, Lasa eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketak baitira liburuaren bizkarrezurra. Baina, azkenean, uste baino erantzun hobea jaso omen du lanak. «Liburuaren irakurketa literarioa izan da, eta hori nahi nuen. Ematen du nonbait zerbait normalizatzen hasia dela».

Elorriagaren ezetza

Unai Elorriagak ez (1973, Bilbo). Ez zuen idazle izateko asmorik. Idaztekoa bai, idaztea gustuko zuelako, baina idazle izateko asmorik ez. Eta garrantzitsua da ñabardura oraingoan ere. Izan ere, hainbat urtez idazle profesional izan ostean, beste bide bat hartu nahi duela erabaki du orain. Kito dela idazketa lanbide bakartzat izatearena, eta beste zerbaitetan hasi nahi duela. Eta, paradoxikoki, idatzi ahal izateko hartu omen du erabaki hori. Aske idatzi ahal izateko. «Hori oso argi izan nuen hasieratik: idatzi nahi nuena idatzi nezakeen bitartean idatziko nuela, eta sumatzen nuenean merkatuak edo argitaletxeek edo politikak edo dena delakoak zapaltzen nindutela, eta nik nahi nuena idatzi ezinik nenbilela, orduan utzi egingo nuela». Eta puntu horretara heldu dela dio. Eskutan darabilen liburua bukatu, eta beste zerbaitetan hasiko dela. «Erdi nobela, erdi saiakera, erdi ikerketa, erdi historia lan bat den liburu batekin nabil. Biolentzien inguruko gauza bitxi bat ari naiz idazten. Eta hori ere askatasun osoz idatzi nahi nuke. Eta horretarako libre egon behar duzu. Bestela beti dauzkazu begira bata eta bestea». Eta horren ondoren kito profesionaltasuna.

Nazkatu omen da presioaz. Orain idatzi egin nahi duela dio; idatzi, enkargurik gabe. Egin nahi ez dituen gauzak egin beharrik gabe. Atera nahi ez dituen argazkiak atera beharrik gabe. Politikariek bere hitzak nola hartuko dituzten konturik egin gabe. Aspertu dela horrekin guztiarekin, eta libre aritu nahi duela. Desilusionaturik dagoen? Baiez dio. Eta galdera batez erantzuten dio gero galderari. «Merezi du gustuko duzun gauza batez nekatzera heltzea, haren inguruan dagoen hori guztia jasan behar izateagatik? Nik beste lan bat bilatuko dut, zortzi ordukoa, eta idatziko dut gero. Liburuak hiru urtean behin atera beharrean, aterako ditut hamar urtean behin. Ez da ezer gertatzen, ni gustura banago, eta lan ona egiten badut behintzat. Nahiago dut horrela aritu».

Jarraitzen du: «Idaztearena ez duzu hartzen ofizio modura, baizik eta amets moduko bat balitz bezala. Helburu moduko bat da, bai, baina gehiago da arimarako kontu bat beste ezertarako baino. Eta gure kasuan are zailagoa da profesionaltasuna, gainera, beste hizkuntza batzuek baino irakurle gutxiago ditugulako. Baina horregatik izan zen mugarri bat Obabakoak. Militantziaz eta gogoaz aparte, beste zerbait egin zitekeela erakutsi zuelako. Atxagak egin zuelako hori, eta, beraz, egin zitekeela erakutsi zuelako». Baina, dioenez, ez du uste idazle izatea denik idazten hasten den inoren helburua.

Kanpoko estimua

Gustura irakurtzen zuen Atxaga Elorriagak. Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia eta beste asko ere gustura irakurtzen zituen moduan. Baina kanpora heltzean hasi zen Atxagaren figuraren eragina sumatzen. «Halako batean etorri zitzaizkidan itzulpenak egiteko aukerak, katalunierara, inglesera, gaztelaniara, italierara... Eta orduan ohartu nintzen Atxagaren erreferentziaz, egin zuen lanaz, eta beste herrialde batzuetan jasotzen zuen begiruneaz. Hor bai ikusi nuen mundua aldatu egin zela, eta herri txiki batean idazten duen idazle batek eduki dezakeela AEBetako idazle batek besteko estimua. Kanpora joatean igarri nuen bide hori eginda zegoela, eta jendeak ezagutzen zuela euskal literatura».

Nahiko goiz jakin zuen hori, gainera, lehen liburuarekin jaso baitzuen Espainiako Narratiba Saria, 2002an; SPrako Tranbia-rekin. Eta bizkortu egin zuen dena horrek. Zorte ona eta zorte txarra izan zuela dio. Zorte ona, gaztea zelako. Eta zorte txarra, gaztea zelako. «Ez nuen ezagutzen ez kazetaritzaren mundua, ez literaturaren mundua, ez akademiaren mundua, ez argitaletxeen mundua, ez ezer. Niri berdin zitzaidan. Saria eman zidaten, eta argi nuen idatzi nahi nuena idatziko nuela. Berdin zidala batak edo besteak esandakoa. Denak iruzurti hutsak iruditzen zitzaizkidan, eta gerora konprobatu dut baietz, iruzurti hutsak direla [barreak]. Baina susmo hori neukan, eta disfrutatzera joan nintzen». Hori zen jarrera, baina ez da erraza izan.

Itzulpenen erritmo motela

Egoste motelaz mintzo da Cano, dioenez, hori omen delako itzulpenen erritmorik ohikoena. Eta bere kasua jartzen du adibidetzat. 2014an argitaratuko dute galizieraz, euskaraz 1999an kaleratutako Pasaia blues eleberria, kaleratu eta ia hamabost urtetara. Eta antzera Norbait dabil sute eskaileran poema liburuarekin ere. 2001ean argitaratu zuen euskaraz, eta irailean aterako dute nederlanderaz. Eta moteltasun hori da legea itzulpenetan, Canok dioenez.

Onartzen du Atxagak erraztu egin duela kanporako bidea, baina editore, idazle eta argitaletxeen arteko konplizitatea aipatzen du berak faktore garrantzitsuen artean. «Eraiki behar da sarea modu pertsonalean. Zuri balio dizunak agian beste bati ez dio balio. Erakundeek lagundu dezakete, bai, baina bada zerbait egileak berak egin behar duena».

Erakundetze prozesua martxan doala dio, baina luzerako zerbait dela. Eta aurrerantzean ere kosta egingo dela zure kideko den konplize bat topatzea. «Agente batek portzentaje bat kobratzen du, eta horregatik bera beti saiatuko da argitaletxe handiekin kontratuak lotzen, baina paradoxikoki argitaletxe handi horiek ez dira beti izaten idazlearentzako onenak. Erradarraren azpian badira argitaletxeak, agente bati ekonomikoki etekinik emango ez diotenak, baina idazle bati interesatuko zaizkionak. Bere mira beste bat delako. Ez soilik ekonomikoa». Eta ezkontza ez da beti erraza.

Bihar: Erakundetze prozesua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Ignazio Ansorena eta Eneko Goia, gaur goizean, Donostiako udaletxeko prentsa aretoan. ©Gorka Rubio / Foku

Herritarren «zerbitzura» jotako doinuak

Itziar Ugarte Irizar

Hiru Txulo: Donostia eta txistua liburua ondu du Aritz Gorrotxategik, Donostiako Udalaren eta Ereinen eskutik. Isidro Ansorena goratu dute, Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari ohia.

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.