Katalunia. Erreferendumaren urteurrena

Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko elkarlana sustatzeko deia

Bilboko Arriaga plazan atzo egin zuten elkarretaratzearen irudia. M. D. V. / FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako erreferendumaren urteurrenak oihartzuna izan du Euskal Herrian ere. Elkartasun adierazpenak ugaritzeaz batera, bi herriak elkarrekin aritzeko deiak ere egon dira. Hori izan da, esaterako, GED Gure Esku Dago plataformak Belgikara eraman duen mezua, Carles Puigdemont Generalitateko presidente erbesteratuarekin izan duten bileraren karietara.

Joan den larunbatean Gernikan elkartasun ekitaldia egin ondoren, Belgikara jo dute GEDeko ordezkari Anjel Oiarbidek eta Jone Amonarrizek, eta han erbesteraturik dagoen Puigdemont presidentearekin batzartu dira, «erreferenduma posible egiteagatik kartzelan zein erbestean daudenei egindako babes keinu» gisa.

Bileran, bi herrien arteko «elkarlan esparrua» indartzeko aukera aztertu dute, bai eta horretarako konpromisoa azaldu ere. Oiarbidek esan duenez, «elkartasunetik elkarlanera» igarotzeko momentua iritsi da.

Bileraren oroigarri gisa, enbor baten xafla eman diote Gure Esku Dago-ko ordezkariek Puigdemont presidenteari. Hor irarrita ageri dira Jose Antonio Agirre lehendakariak 1939ko urtarrilaren 29an Kataluniaren inguruan esandako hitzak: «Euskadik inork baino gehiago sentitzen du Kataluniaren antsietatea...Katalanek eta euskaldunok oztopo berdinei aurre egin behar diegu, eta, horregatik, elkarrekin biziko dugun arrakasta kolektiboa izango da». Esaldiez gain, GEDen logoa eta Estem amb vosaltres (Zuekin gaude) leloa ere ageri da.

Mobilizazioak

Euskal Herrian ugariak izan dira Kataluniari elkartasuna adierazteko antolaturiko mobilizazioak, Kataluniaren autodeterminazio erreferendumaren urteurrenean. Euskal Herriko ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Independentistak sareak antolatuta, elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Bi herri, borroka bakarra; gora Kataluniako Errepublika goiburupean.

Hiriburuetako mobilizazioez gain, Gure Esku Dago-k ere elkarretaratzeak egin ditu zenbait herritan, hala nola Getxon, Elorrion, Galdakaon (Bizkaia), Zarautzen, Andoainen, Usurbilen, Aretxabaletan, (Gipuzkoa), Arbizun (Nafarroa) eta beste herri askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.