Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. IRITZIA
Irismena ekosistema indartzeko bada
Hizkuntzaren normalizazioan, kulturaren zabalkundean eta komunitatearen trinkotzean, komunikabideen egitekoaren garrantzia eta eraginkortasuna ezinbesteko direla errepikatu behar da berriro ere. Hori hala da hemen eta munduan. Ez dago urrutira joan beharrik horretaz jabetzeko. Horregatik halako garrantzia komunitate bakoitzak bere komunikabide sistema propioa izatekoa. Jakina da kultura ez dela kultura —zentzu zabalean, antropologikoan, herri batek bizitzeko behar eta sortzen duen guztia barne bilduz— hedatzen ez bada, jendearengana iristen ez bada. Horren adierazle da herrialde aurreratuenetan hedabideak (publiko zein pribatuak, banaketa honek oraindik eta gurean zentzurik badu behintzat) kultura sailaren baitan egon ohi direla usu, eta sarritan kultura saila presidentetza edo barne sailaren baitan. Horrek adierazten du zeinen garrantzitsuak diren kultura herria egiteko eta hedabideak herria trinkotzeko. Begiratu Frantzia, begiratu Alemania. Hurbilago: galdetu Nafarroako gobernuko agintariei zergatik duten euskarazko hedabideak —besteak beste— itotzeko halako tema. Tema berbera beharko luke euskarazko hedabideak sustatzeko euskararen normalizazioa ipartzat duen edozein erakunde publikok.
Eta beste errepikapen bat, barka, baina egin beharrekoa: euskarazko hedabideen sistemak diru laguntza kopuru minimo bat behar du, bizi-iraupenaz haratago, osasuntsu funtzionatu ahal izateko. Hori da kontua, finantzaketa egonkor minimo bat. Laguntza puntualak edo urterokoak baino, hitzarmenak. Bestela apurrak banatzen ari gara. Diru kopurua egoerak eta beharrak markatzen du, ez kopuruak beharra. Hortik aurrera kalitateaz —zer eta zertarako egiten den, eta nola —, kantitateaz —zenbat, eta zenbat horien nolakotasuna, kualitatibotasuna, izaera propioa— eta ekosistemaz —sektorearen barne orekaz eta merkaturen lekuaz— jardun behar da.
Antza, irismena da aurtengo diru laguntzen banaketaren hitz gakoa. Nik uste ez dagoela hedabide bat bakarra irismena jomugan ez duena, alegia, ahalik eta jende gehienarengana iristeko ahaleginak eta bi egiten ez dituena. Azken urteetan ahalegin hori ikaragarri handitu da, eta gainera, publikoak ondo erantzun du, sostengua eman du, lagundu egin du, eta kontsumitu. Susmoa: beharbada, kontsumoari dagokionean, inoizko kopuru altuenetan gabiltza euskarazko hedabideen alorrean, baina hala ere potentzialitatetik behera ziurrenik.
Izan ere, euskarazko kulturaren arazo nagusiena —hedabideak barnean direla— ez da sortzaile edo sormen falta, ez da egiturarik eza, ez da produkzio txikia, ez da kalitatea, ez eta kantitatea. Arazo nagusiena ikusezintasuna da. ikusezintasuna, ez hiztun komunitatetik kanpo daudenentzat, ez, hiztun gehienentzat baizik. Eta, hedabideak kontsumitzen ez badira nola iritsiko gara euskal kulturara? Euskal herrira?
Ikusezintasunaren aurrean irismenaren ahalegina saritzea bide bat izan liteke, printzipioz. Baina ezin da hori bakarrik saritu, eta, gainera, batzuk saritzeak besteak zigortzea badakar ez da ez justua ez eraginkorra ez osasuntsua, ez politika publiko egokia.
Kantitateaz haratago beste parametro batzuk ere —edo haren gainetik— oso kontuan hartu behar dira: zer eskaintzen den, ze kalitate maila duen, ze garrantzia eta ze funtzio hiztun komunitatearen trinkotzean —demagun, erdarazko hedabide baten itzulpena den doako irismen handiko hedabide bat sostengatu behar da? Ze kultur sistemari ematen dio jaten horrek?—, zenbateraino elikatzen duen euskal kultur sistema, zenbateraino betetzen dituen publikotasunaren ezaugarriak —zenbateraino genero berdintasuna, zergatik ez?—, zenbaterainoko eta ze kalitate mailako hedapena duen —nortzuk ditu hartzaile, eta hartzaile horiek nola baliatu edo non zabaltzen dute jasotako hori?...
Erakunde publikoek eurek jarri behar dituzte bideak ikusezintasunaren mugak hausteko arnas handiagoko planteamenduak eginda. Zergatik ez hedabide publikoetan herri ekimeneko hedabideei tarteak doan eman? Adibide huts eta azkar bat.
Irismenaren jomuga ez da merkatua. Ez du izan behar. Kontua ez da nork gehiago saldu edo banatu, hura lagundu. Ez da lehia sustatzea —lehiaren ona da, abiapuntua justua bada—. Irismenaren jomugak ekosistema eraikitzea izan behar du. Komunitatea eratzea. Uste dut honetan ezin dugula iparra galdu, eta merkatua ekosistemaren aurretik jarri. Merkatu zabal, dinamiko eta bizi bat eratzeko sistema propio bat eratu eta sustatu behar da lehenik.
Ekosistema horri osasuntsu eta modu orekatuan eusteko minimoak zeintzuk diren markatu behar da. Eta minimo horiek bete. Hasieran esan dugu. Erakunde publikoei dagokie diru kopuru minimoa beharraren arabera banatzea.
Oraingo irismenak ekarri dituen diru publikoen banaketatik balirudike herri hedabideak ateratzen direla irabazle, bokazio nazionalekoen kaltetan. Batzuei gehiago eman, besteri kenduz. Herri hedabideak hedabide nazionalik ezean oso hanka motz geratzen dira, eta horrenbestez baita hiztun komunitatea ere. Eta alderantziz, ados. Ezin da bata hala bestea planteamendu egin. Ezin da desorekarik sortu. Nahikoa atomizatua dago euskararen herria lokala denen horretan indar gehienak jartzeko. Bereziki larria da egunkari honek sufritu diru-laguntza jaitsiera —proiektuaren oinarrizko bideragarritasunari erasan diezaiokeelako— noiz eta aldaketa, berrikuntza, zabalkuntza eta kalitatezko kazetaritzaren aldeko apustuan bete-betean sartua dagoenean. Irakurleak hau guztia badaki, egunero ikusten du. Ziurrenik, lasai esan liteke BERRIA dela —Egunkaria lehen— azken hamarkadetan euskal kulturak erdietsi duen lorpenik handienetakoa.
Hemen bota diren galdera, gogoeta, ideia eta «kopuru minimoei» itaun eta burutazio gehiago gehitu behar zaizkio. Honetaz guztiaz hitz egin behar da eta erantzunak topatu. Erakunde publikoek, Eusko Jaurlaritzak kasu honetan, badu norekin bildu. Hemen dago Hekimen, herri ekimeneko hedabideak biltzen dituen erakundea. Hekimenekin elkarlanean diagnostikatu, diseinatu eta adostu behar dira sektoreari dagozkion politika publikoak. XXI. mendean ezin da bestela jardun. Berdinetik berdinera, mahaiaren bueltan eseri, epe ertain eta luzera begira jarri, eta baliabideak kudeatzeko eta erabakiak hartzeko ardura elkar-banatu.
Eta mahaian, ziurrenik, euskararen normalizaziorako ordezkari publikoez gainera, kultura, industria eta beste sail batzuetako ordezkariek ere egon beharko lukete, eta baita erakunde publiko desberdinetakoak ere. Kulturak —kulturaren zabalkundeak eta komunitategintzak— hainbesteko ahalegina mereziko al du. Bestela zer?
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.