Familia barruko zaintzaileentzat ere, ikastaroak

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bide berri bat abian da Gipuzkoan; mendekoak etxean zaintzeagatik ematen den laguntza jasotzeko, mendekoen etxekoek ikastaro bat egin behar dute, hamasei ordukoa. Ez dute denek ongi hartu: kexu dira hainbat sendi. Gipuzkoako Diputazioan diote, ordea, oro har, ongi doazela. Ikastaroari esker, zaintzarekin lotutako hainbat aldagai biluzten ari direla azaldu du Gizarte Politiketako Departamenduko teknikari Zorione Benedictok: esaterako, generoarena. «Senarrak, semeak... Paperetan zaintzaile izendatutako gizonezkoak %30 inguru dira». Horietako hainbatek benetako zaintzan duten lekua, ordea, kolokan ikusi dutela onartu du Matia Institutuko —ikastaroak ematen ditu— ordezkari Erkuden Aldazek: «Deiak jaso izan ohi ditugu. Esan digute: 'Ikastaro horretara, emazteak joan behar du'». Aldazekin ari da Aiora Gomez. Argi du: ikastaroaren ardatzetako bat da zaintzaileei irakastea beren burua zaintzen. «Horrexek dakar hobeto zaintzea». Ikasleetako bat izan da Garbiñe Sarasua. Aitaren zaintzailea da. 81 urte ditu hark.«Orain dela gutxira arte ondo egon da». Zaintza behar du orain, eta gero eta lotuagoa du alaba. «Garbiñe, Garbiñe, Garbiñe...». Deika du: inoiz esperoko ez lukeen eran. «Ikastaroa ondo etorri zait; motza ere egin zait. Laguntza handia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.