Venezuela. Hugo Chavezen heriotza. Yolanda Rojas. Venezuelako kontsula Bilbon

«Osasuna jan diote, baina haren ideiak finko daude»

BERRIA.
Samara Velte.
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ahotsa dardarka duela hitz egin du Yolanda Rojasek (Caracas, 1944) Venezuelak Bilbon duen kontsuletxetik. Hugo Chavezen heriotzak ez du ustekabean harrapatu; herenegun goizean jakin zuen haren osasun egoerak ez zuela atzera bueltarik. Halere, gogoan eragin dio, eta venezuelarrentzat ere hala dela azaldu du: «Chavezek gu guztiokin zeukan harremana ez zen herritar eta presidentearen artekoa; anaien artekoa, aita eta seme-alaben artekoa zen. Horrek ematen digu min: haren pentsamendua mantenduko da, baina bera ez da egongo».

Nola eragingo dio Chavezen heriotzak chavismoari?

Eragin baino gehiago, indartu egingo gaitu, eta gehiago lotuko gaitu ideia bolivartarretara. Presidenteak hainbat arlotan erein zuen hazia: bizitzan, integrazioan, askatasunean. Horren uzta jasoko dugu ezinbestean. Nire ustez, etapa berri baten hasiera da hau: presidenteordeak bozetara deituko du, eta herritarrek chavismoaren hautagaiaren alde bozkatzen dutenean Chavezen alde bozkatuko dute.

Zeintzuk izango dira haren proiektuari eusteko gakoak?

Asko dira, Chavezek uzitako ondare sozial, politiko eta ideologikoa oso handia delako. Alde batetik, Latinoamerikaren integrazioa dago, eta funtsezkoa da: Mercosur, Celac, Alba... Misio sozial guztiek ere helburu horixe dute: herritarren duintasuna eta integrazioa berreskuratzea. Chavezen ideiak hor daude; batzuk jada martxan daude, eta beste batzuk garatu behar dira oraindik, baina hor daude, guztiok ezagutzen ditugu eta herrialdearen multilateraltasunaren ideiarekin konprometituta gaude. Berak 2013tik 2019rako hauteskunde programa bat prestatuta utzi zuen, eta hurrengo presidenteak, bozak irabazten dituenak —eta hori Nicolas Maduro izango da, ziurtasun osoz—, indarrean jarriko du.

Zein izango da Maduroren ekarpena?

Chavezen ideologia gainditzen duen ikuspegia dauka. Herri mugimendutik dator zuzenean: lider sindikala izan zen, eta bere burua formatzen eta osatzen aritu da. Freskotasun eta eskuzabaltasun horrek aberastu egingo ditu Chavezen ideiak. Gaztetasuna eta izugarrizko gizatiartasuna du; hori pertsonala da, baina haren ekintzetan antzemango da. Gainera, indar handia dute haren erabakiek, eta horrek pentsarazten digu presidente ona izango dela.

Eta oposizioak nola jardungo du?

Oposizioa bere burua irensten aritu da. Batasuneko mahai bat osatzen dutela diote, baina horrek gutxiena batasunetik du; akaso, gelditzen zaien bakarra mahaia da, eta hori ere, hiru hankakoa. Euren burua jan dute. Irizpideen desberdintasunak, handinahikeria pertsonalak, herriarekiko konexio eta bisio falta... Horiek guztiek iparra galtzea ekarri diete. Zintzoki, urte hauetan guztiotan presidentea babestu dugunok gehien desiratzen duguna oposizio serio bat da, egoeraz jabetzen dena eta sortzailea. Halako oposizio batek lagundu baitezake norabidea topatzen: guk badakigu nora goazen, baina egia da garrantzitsua dela akats batzuez ohartaraztea. Baina giza miserian eta errealitatearekiko konexio faltan oinarritutako akusazioak badira, ez ditugu aintzat hartzen, ez direlako zintzoak. Urriko bozen emaitzek oposizioari iparra topatzen lagunduko ziotelakoan nengoen, baina gehiago galdu dira euren labirintoan.

Beraiek ere Chavezen figurari eusten zioten kritikak egiteko. Orain zer?

Hori izan da haien akats handienetako bat, gauzen errealitateaz ez jabetzea ekarri dielako. Sinetsita zeuden Chavez suntsituta chavismoa suntsituko zutela. Ez dira ohartu Chavez gure herrialdean gertatu den zirkunstantzia ohoretsu eta aparteko bat baino ez dela izan. Ez dira ohartu hauteskunde kanpainan sortutako lelo hura, Chavez guztiok gara, ez dela publizitate agentzietan sortzen dituzten eslogan horietako bat. Venezuelarrok daukagun konbentzimendu erabatekoa da, eta herri bat ez da horren erraz suntsitzen: beharbada jan dizkiote azpiak Chavezen osasunari, baina haren ideiak finko daude. Presidentearen lezioak ez ditu kanpaina batek borratuko.

Nolakoak izango dira hemendik aurrera Venezuelaren harremanak Latinoamerikako beste herrialdeekin?

Multilateralismoa defendatzen segituko dugu. Venezuelarentzat garrantzitsua da denen lagun izatea, baina tratuak berdintasunean eta errespetuan oinarritu behar du. Agintariek elkarri errespetua badiote, gauzek funtziona dezakete. Horren adibide esanguratsuenetako bat Kolonbiarekin dugun harremana da: Juan Manuel Santos boterera iritsi zenean askok uste zuten lehengo egoera kritikoa mantenduko zela, baina kontrakoa izan da. Venezuelak horretan segituko du: Latinoamerikarekin loturak indartzen.

Eta Europarekin eta AEBekin?

Europarekiko harremana ere errespetuzkoa izan da. Besoak zabalik ditugu garen bezala ikusten gaituen ororentzat: garatzen eta hazten ari den herrialde bat, bere independentzia edozeren gainetik defendatzeko prest dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.