«Alaba kutsatzea oso kaltegarria litzateke»

Noemi Uribe. Haren alabak fibrosi kistikoa du, eta, azkenaldian osasunez okerrago dabilenez, eskolak etxean hartu behar ditu, lagunengandik urrun eta COVID-19aren beldur.

Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Nik berez ospitalean egiten dut lan, baina iazko abuztutik ez naiz lanera joan, nire alabaren gaixotasuna dela eta. Ezin naiz arriskatu». Izan ere, Noemi Uribe Arnasako kidearen (Ondarroa, Bizkaia, 1971) alabak fibrosi kistikoa du, eta, birikiei larriki eragiten dien gaitza izaki, COVID-19a oso gaitz arriskutsua da harentzat.


Jon Urbe / FOKU

Azken bi urteak ez dira errazak izan Uriberen etxean. 15 urteko alaba hamaika aldiz ospitaleratu dute iaztik: gaitza erasaten ari zaio. Konfinamendu aurretik egon zen ospitalean, eta etxera bidali zutenean, pandemiak eztanda egin eta gutxira, bertan behera utzi zizkioten kontsultak. «Baina nik esaten nien alaba ez zegoela ondo: nabaritzen zitzaion. Eta berriz ospitaleratu zuten», gogoratu Uribek. Pandemia betean izan zen.

Beraz, ama-alabek ospitaleko gelan bizi izan zuten konfinamenduaren zati bat. «Konfinamenduaren konfinamendua» izan zuten Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia). Eta gela horretatik jarraitu zuen ikastolako martxa ere. «Ahal zuenean konektatzen zen Internet bidezko eskoletara, ondo bazegoen. Baina ez zitzaion erraza izan bere egoeran eskolak jarraitzen egotea».

Aurtengo ikasturtean, ikaskideak eskolan egon badira ere, Uriberen alabak etxean jarraitu du. Etxean hartu ditu eskolak, kutsatzeko arriskua murrizteko. Amak badaki segurtasun protokoloak betetzen direla ikastetxeetan, baina ezartzen diren «neurri orokorrek» zirrikituren bat izan dezaketela uste du, eta alabak ezin du arriskurik hartu: «Une honetan, alabak COVID-19a hartzea oso kaltegarria izango litzateke». Aurtengo bigarren hiruhileko azterketak ospitaletik egin ditu, etxeko irakasleek ikastolakoekin elkarlanean prestatuta.

Horrek eragina du, ezinbestean, haren sozializatzeko eran. Arriskuak beldurrari bide egin dio, eta jende askorekin ez egoten saiatzen direla dio Uribek. Alaba lagunen batekin ateratzen da tarteka, baina, talde handiagoak direnean, edo leku itxiren batera joatea proposatzen diotenean, ezezkoa ematen du. «Lagunekin egoteko gogoa badu, baina beldur da, era berean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.