jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Besterik ez buruan

2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Tokiora etorri aurretik hasi ginen Olinpiar Jokoei buruz lanean: Euskal Herriko kirolariak zerrendatu, Tokion parte hartzeko lekua lortu zutenak zehaztu, oraindik lortu ez zutenei galdera ikurra jarri eta haien bilakaera aztertu, zalantzak genituenei buruz hitz egin... Kirolariekin hitzorduak jarri genituen, haiek elkarrizketatzeko eta Olinpiar Jokoei begira zer nolako itxaropenak eta kezkak zituzten jakiteko.

Tokiora etorritakoan, jakina, Olinpiar Jokoak bihurtu ziren gure mundua. Gure mundu bakarra. Kirolariak, lehiaketak, mundu guztiko lankideak, autobus eta taxi gidariak, hoteleko langileak... Guretzat ez dago besterik. Ez dakigu munduan zer gertatzen ari den. Eguna pantailari begira pasatzen dugu: ordenagailu eramangarrikoa, sakelako bi telefonoetakoak eta, hotelean, telebistakoa, japonieraz. Olinpiar Jokoak baino ez daude pantaila guztietan. Senideekin egindako bideo deiak dira oasi bakarra uztaien basamortuan.

Goizean goiz jaikitzen garenetik gauean berandu oheratzen garenera arte, Olinpiar Jokoak baino ez ditugu buruan: egin duguna, egiteko duguna, egunean zehar gertatu dena, gustura ikusiko genukeena, sare sozialetatik bueltan etortzen zaiguna...

Kirolariak ikusten dituzu; kirolariekin hitz egiten duzu; kirolariei buruz idazten duzu; kirol kazetaritzako ohitura batzuk hartu dituzula iruditzen zaizu; testuak idatzi ez, ekoitzi egiten dituzu; artikuluak adjektibo handiusteegiekin janzten dituzu; kirolarien lorpenei eta atsekabeei ia hil ala biziko garrantzia ematen diezu; kirolari amorratua izanda ere, kirolari gehiegizko balioa ematen zaiola pentsatzen hasten zara... eta, azkenean, zeure buruari galdetzen diozu: benetan hain garrantzitsuak dira Olinpiar Jokoak? Seinale txarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.