ARTEA, MARRA GORRIEN MENPEKO

Abel Azkonaren azken erakusketak berriro azaleratu du soka luzeko eztabaida bat: non amaitzen da artistaren askatasuna, eta non hasten zilegi ez denaren eremua? Lausoak dira marra gorriak, eta ez da erraza izaten zehaztea. Hori ikusirik, gizartearen kontzientzia kritikoa galdegiten du askok.

Abel Azkonak muturreko kristauak asaldatu ditu, mezetan hartutako ostiekin pederastia hitza idazteagatik. ABEL AZKONA.
Ander Perez Argote
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Iazko maiatzaren 29a. Paris. Orsay museoan sartu da Deborah de Robertis artista luxenburgotarra. Igaro ditu pasabide eta galeriak, eta, azkenean, heldu da Munduaren jatorria artelan ospetsua dagoen aretora. Alu bat erakusten du Gustave Courbeten obrak, parez pare. Urre koloreko soineko bat jantzita, koadroaren markoa imitatuz, pinturaren aldamenera gerturatu da De Robertis. Haren parean makurtu, lurrean jarri, eta hankak zabaldu ditu. Bi eskuez eusten die aluaren ezpainei, aurrean direnei erakutsiz.

Ezustean harrapatu ditu performanceak ingurukoak. Txaloz erantzun diote batzuek ekintzari, baina segundorik galdu gabe hurbildu zaizkio artistari museoko langileak. Tentuz jokatu dute indarrik ez erabiltzeko; bada formula eraginkorragorik: zutik geratu dira artistaren parean, geldi, ikusleek ikus ez dezaten.

Emakume bat alua erakusten, alua erakusten duen artelan baten aurrean. Zilegi da bata—are, miretsia—; estalia da bestea. Zerk baldintzatzen du bata eta bestearen posizioa? Zer muga igaro du batak, eta zein gorde besteak? Nork erabaki du muga hori?

De Robertisenak bezala, Abel Azkonaren azken erakusketak ere mahai gainean jarri ditu galdera horietako asko. Ostiak erabiliz pederastia hitza osatu izanak asaldatu ditu Iruñeko sektorerik erreakzionarioenak. Protesta, mehatxu eta mezekin erantzun diote muturreko katolikoek artelanari. Eta eztabaida piztu da: ba al dago arte sormenarentzako mugarik? Ba al da marra gorririk? Haizea Barcenilla arte kritikariak erantzun dio galderari. «Arteak baditu mugak, badirelako artea diren eta ez diren gauzak. Baina uste dut muga horiek aldakorrak direla, eta hala behar dutela. Artearen jokoetako bat da horiekin jolastea». Hortik aurrera, «beste gauza bat da gai batzuk nola lantzen diren, edota gai horiek mintzen ote duten gizartea edo gizartearen atal bat. Baina arteak askotan egin du hori, ez da lehen aldia, eta uste dut arte interesgarri asko izan dela politikoki ez-zuzena».

Arteari, hain zuzen ere, sarri aitortu zaio mugak gainditu eta gauzak zalantzan jartzeko dohaina. Probokaziorako gaitasuna balio erantsitzat jo zaio artista askori.Gaur, ordea, «geroz eta artista gehiago saiatzen dira eskandalua saihesten», Barcenillaren ustez. Mugak ongi zaintzen dituztenak, alegia. «Ez dira oso probokatzaileak», dio. Baina badira probokazioa norbere burua saltzeko erabiltzen dutenak ere. Eta, Barcenillak dioenez, «probokazio hutsak ere ez du balio».

Ignazio Aiestaran filosofoarentzat, edonola, «barregarria» da gaur egun, «gure jendarte neoliberalean, artelana transgresorea dela entzutea». Dioenez, «merkatuaren hegemoniak» bultzatzen duen gizartean «artista sortzailearen lana ikuskizunaren jendartean fetix bat baino ez da». Horregatik dio, argi eta garbi, «mugarik gabeko askatasuna ilusio bat besterik ez dela».

Valentin Vallhonrat Nafarroako Unibertsitateko Museoko zuzendaritza artistikoko kideak ez du uste «transgresioak beti izan behar duenik artistaren ezaugarria». Era berean, zaila egiten zaio artearen mugez modu orokorrean hitz egitea; dioenez, «ez dagoelako termino absoluturik. Testuinguru eta baldintzek zehazten dituzte mugak».

Artean dena posiblea delako sinesmenak, izan ere, sarri egin du talka politikoki zuzenaren marra gorri gorabeheratsuekin. Askotarikoak izan daitezke artelan baten kontrako jarrerak pizteko arrazoiak. Legalitatearenak, batetik. Baina baita sinesmenetan edo ideologian oinarritutakoak ere. Eta horiek jarrera unibertsalak ez direnez, batentzat zilegi dena jasanezina izan daiteke bestearentzat. Zentsura eta askatasuna, talka betean.

Aiestaranek, ordea, ez du eztabaida hala planteatu nahi izaten: «Erronka gaizki mahai gaineratua izan da. Auzi nagusia ez da zentsura bai ala ez, edo askatasuna bai ala ez». Dioenez, «kultura orok bere muga eta jomugak dauzka, baina gizarte birrindu batean bizi garenez, dilema faltsu batean sartuak izan gara: 'Zer nahiago duzu, Estatuaren zentsura ala merkatuaren askatasuna?' Nik, ez bata, ez bestea».

Mugak egon badaude

Sorkuntza askearen eta etikaren arteko zurrunbilo korapilatsuan, zaila izaten da muga bat eta bakarra zehaztea. Baina hirurak bat datoz egon badaudela. Eta, alde horretatik, mugatua agertzen da sarri mugagabetzat aurkezten den adierazpen askatasuna.

Vallhonraten iritziz, «adierazpen askatasuna kausa eta ondorioen legearen menpe dago. Askatasunak bai, baina baita ardurak ere». Ardura horien artean, ordea, badago autozentsuran erortzeko arriskua, artistak bere burua isiltzekoa. Baina horrek ez du gehiegi kezkatzen Opuseko unibertsitateko museoko arduraduna: «Sortzaileak, benetan sortzaile bada, aurre egin behar die sorkuntza prozesuaren ziurgabetasunei. Dogmatismoa, autozentsura, autokontrola... ziurgabetasun horren parte dira. Sortzaileak arriskuak eta ondorioak onartu behar ditu».

Halere, arrisku eta ondorioen inguruko eztabaida ez da, Barcenillaren ustez, artistari soilik dagokion kontua. Gizartearen paperaz mintzo da. «Interesgarria da aztertzea noiz erabaki dezakeen gizarte batek modu bateratu batean artelan bat ez erakustea, elkarbizitzari min egingo diolako». Eta gehitu du: «Interesgarriena ez da zeintzuk diren marra gorriak, baizik eta nola egin marra horien inguruan eztabaidatzeko. Nik ez nuke marrarik jarriko aldez aurretik. Hobe da erakustea, eta erakutsitako horren gainean eztabaidatzea».

«Kulturan dena ez da zilegi edo onesgarri», ordea, Aiestaranentzat. «Arrazakeriaz edo xenofobiaz jositako umore grafikoa edo emakumeen aurkako indarkeria estaltzen duen ikus-entzunezko publizitate eta zinematografia higuingarriak dira». Baina, dioenez, «kasu horietan, estatua eta merkatua heldu baino lehenago, bertze gauza bat beharrezkoa da, galdu dugun adierazpen bat: kritika kulturala». Gizartearen, komunitatearen ahuleziaz mintzo da Aiestaran, «kultura estatu eta enpresen eskuetan utzi» izanaz. «Komunitate kulturala desagertua dugu, kasik hila». Eta epaitu du, sendo: «Ze arte eta ze ostia! Ikuskizun gutxiago, ostia bedeinkatu eta profanatu gutxiago, eta denon artean gehiago hausnartu eta adierazi zer egin gure haragiarekin, gure gorputzekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.