Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Erasmoren uda

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Gizakia da izaki arrazional bakarra. Hots, gizakia da zentzuz pentsatzen eta hain gabe jokatzen dakien bakarra. Adimenak egiten baitu izaki bat absurdoa izan ahal dadin. Ezjakintasuna misterio zoragarrien iturburu da. Eta oso kreatiboa, gai baita edozer modifikatzeko. Jakituriak ere ez dauka beti zuzena izan beharrik. Gezur pozgarriak esaten dakienak egia mingarriak ezkutatzen daki. Harreman azalek ez dakarte gatazkarik. Sakonek, ia beti. Naturala izateko mozorrotzen naiz, bai. Naturalean mozorro bat bainaiz. Txarra al da hori?

Norbere buruari barre egitea oso sanoa ei da. Egiozu barre hori esan duenari, eta ikusiko duzu noraino iruditzen zaion sanoa. Nik ezin diot neure buruari barre egin, grazia egiten didanean ez bada. Eta hori ezin dut aurreikusi. Neure buruarekiko sentimendu gehienak aurreikusi ezin ditudan bezala. Maizenik, negargura. Noizbehinka, harrotasuna. Ez gutxitan, dezepzioa. Gutxiagotan, harridura. Inoiz, nazka. Gutxien ustean, berriro grazia. Maitasuna? Kontzeptu lar esternoa norbere buru batentzat. Gakoa da nola eratu zikloak: negargurak, harroaldiak, dezepzioak, harridurak, nazkak, graziak...

Esan dut ni zer izaki mota naizen. Eta zu? Autoritatez mintzo bazara, ezar dezakezu autoritatea. Autoritatera apelatuz mintzo bazara, denek ukatuko dizute bera. Izaki arraro samarra naiz, bai. Jendartea behar dut, jakinik behartuko nautela axola ez didaten gauzez hitz egitera. Komunikazioa da: interesatzen ez zaizun asko entzun, interesatzen zaizun zerbait esan ahal dezazun. Komunikazioaren entusiastek nahi dutena da zuk eurei entzutea. Ez da guztiz horrela ere, beti. Oso ona zara esanda ez duzu laketuko onena zara entzun nahi zuena. Nirekin ondo konpondu nahi baduzu, bete ezazu Erasmorena: «Benetako adiskidetza iristen da biren arteko isiltasuna atseginez doanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.